Bruselan (Belgika) egoitza duen erakundea da Zaporearen eta Kalitatearen Institutua, eta mundu mailan elikagaien eta edarien zaporea ebaluatu eta ziurtatzen du. Urtero banatzen dituzten Superior Taste Award sariek ospe eta prestigio handia dute, sariok jasotzea kalitate-zigilua jasotzeren parekoa baita industria alorrean.
Elgoibarren botilaratzen duten iturburuko ur mineral naturalak hiru izar eskuratu ditu aipaturiko sarietan, alegia, Zaporearen eta Kalitatearen Institutuak ematen duen sari gorena jaso du; bere kategorian erreferentetzat eta "bikaintzat" jotzen diren produktuei bakarrik ematen dieten saria, antolatzaileen arabera.
Mundu osoko hautagaiak ebaluatu dituzte sarien 21. ekitaldia izan den honetan, eta Altzolako urak % 90,8ko puntuazio orokorra jaso zuen: %92koa lehen begiratuko azterketan eta %93,9koa itxuran (gardentasuna eta distira). Horiez gain, nota bikainak jaso zituen usaimenean (% 89,5), zaporean (% 88,2) eta ura edan ostean lagatzen duen sentsazioa ebaluatzerakoan (% 86,4).
Hogei herrialde baino gehiagoko 200 adituk osatu dute epaimahaia, eskarmentu handikoak denak, Michelin edo Gault & Millau moduko gidetarako epaile lanetan aritu izan baitira gehienak. Batzuk aipatzearren, Bernard Vaussion (Frantziako Presidentearen sukaldari-ohia), Christian Brancaleoni (2022ko Italiako Sommelier Onena), Ferran Vila-Pujol (2022ko Espainiako Sommelier Onena), Gabriel Biscay (M.O.F.) eta Michael Vanderhaeghe aritu dira produktuak dastatzen eta nota jartzen. Ebaluazio-prozesua protokolo zorrotz bat jarraituta egiten dutela azaldu dute Alzola enpresatik, produktuaren marka eta jatorria ezagutu gabe.
Mugarria 250. urteurreneko ibilbidean
Alzola Basque Water enpresatik jakinarazi dutenez, Altzolako uraren oreka organoleptikoa nabarmendu zuten epaimahaia osatzen zuten sukaldariek eta sommelierrek. Enpresako arduradunen esanetan, aitortza honek euren marka sendotzen lagunduko die nazioartean. "Gure urak jaso dituen hiru izarretako balorazioa mugarri bat da guretzako, eta une berezi batean ailegatu da gainera, Alztolako uren 250. urteurrenean, hain zuzen ere. Era honetako aitortzek berretsi egiten dute uraren konposizio minerala eta milaka urteko garbitasuna bikaintasunaren erreferente absolutuak direla oraindik ere", adierazi dute.
25 bat urteko bidaia Izarraitzetik iturburura
1776. urtean aurkitu zuten Altzolako uren iturburua. Negu gorria zen, eta haur batzuk Deba ibaian bainua hartzen ari zirela, gune konkretu batean ur beroa irteten zela konturatu ziren. Espeleologo eta zientzialariek egindako ikerketen arabera, iturburuak duen altueragatik gertatzen da hori. (irakurri hemen Angel Mari Tobajas Morkaiko-Leizarpe espeleologia taldeko kidearen artikulua Altzolako uren inguruan)
Altzolako uren jatorria Izarraitz mendigunean dago, itsas-mailatik mila metroko altueran, eta itsasotik 12 kilometrora, eta 25 bat urteko bidaia egiten du ur horrek lurpean, Altzolara iritsi arte. Kareharrizko harkaitzek iragazki natural gisa funtzionaten dute, eta adituen arabera, horrek ematen dio urari kalitatea.
1801. urtean mediku propioa zeukan Europako lehenengo bainuetxea zabaldu zuten Altzolan. 1846an Urberoaga bainuetxea inauguratu zuten, eta 1901ean zabaldu zituen ateak Gran Hotel Balneario hotelak. Bainuetxea izan zen urteetan herriaren motore ekonomikoa, eta garai batean 11 hotel izan ziren Altzolan. 1976an itxi zuten bainuetxea, eta ura botilaratzeko instalazioak jarri zituzten bertan. Gaur egun Alzola Basque Water izena dauka enpresak.
