Proiektu zientifiko-teknologikoak aurkeztu dituzte ikasleek estreinako Bizilabe Egunean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 8a

Elgoibarko Bizilabe Egunaren lehendabiziko ekitaldia egin zuten, ekainaren 4an, IMH Campusen. Bizilaben parte hartu duten herriko gazteek ikasturtean landutako ideiak azaldu eta proiektu zientifiko-teknologikoak erakutsi zituzten. 

30 bat gaztek hartu zuten parte Bizilabe Egunean. Gazteez eta senideez gainera, hainbat lagunek egin zuten bat ekimenenarekin, besteak beste, Ion Zubiaurre Elgoibarko alkateordeak, Aitziber Lasa Iglesias Elhuyarreko STEAM Hezkuntza koordinatzaileak eta proiektua babesten duten enpresetako ordezkariek: DanobatGroup, Etxetar, Berkoa eta Libelium enpresetakoek, hain zuzen ere. 

Bizilabe proiektuaren sustatzaileek gogora ekarri dutenez, gazteei bizipen zientifikoak eskaintzea da beraien asmoa, ahal dela komunitate osoa inplikatuz. Proiektuaren bultzatzaile nagusiak diren Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek azpimarratu dutenez, ezinbestekoa zaie enpresen babesa. Era berean, proiektuaren xedea da eskolaz kanpoko eskola horiek IMH Campusean ematea; izan ere, nabarmendu dutenez, IMH Campusek puntako teknologia eta makineria eskaintzen ditu sektorean, baita STEAM irakaskuntzaren munduko profesional handiak ere.

Eskolatik kanpo zientzietan eta teknologietan trebatzeak ikasleentzat "onura ugari" dituela diote Bizilabeko arduradunek. "Ikasleek hobeto ulertzen dituzte kontzeptu zientifikoak, teoriatik praktikara egiteko aukera errazten baitzaie, teknologia berrien erabilera sustatu eta ezagutza zientifikoaren zeharkakotasuna lantzeko aukerak handitu ahala. Hala, gazteak konturatzen dira zientzia haien eguneroko bizitzako alderdi askotan dagoela, batez ere, gizarte-gai kritikoetan: hala nola, kutsadura edo jasangarritasuna". Era berean, gai horiei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko bide ematen dien proiektua da Bizilabe, eta horrek "pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen die". Halaber, emakume ikertzaileekin loturak egiteak eragin positiboa duela uste dute, bereziki, nesken artean. "Aisiak funtsezko zeregina du haurren eta gazteen garapen pertsonalean eta sozialean, eta Bizilabek balioa eman nahi du arlo horretan", adierazi dute.

*Argazkiak: Bizilabe/Elhuyar

 

Bizilabe Egunean, honako proiektu hauek aurkeztu zituzten:

  • Microbit: pinball
  • Wearables: Besoko elektrikoak
  • Kristalizazioa
  • Hidraulika
  • 3D betaurrekoak
  • Antotipia
  • Holograma
  • Hegazkin jaurtigailua
  • Konbutxarekin larrua ekoizten

Dagoeneko zabalik dago 2026ko urrian hasi eta 2027ko maiatzean amaituko den Elgoibarko Asmatu eta esperimentatu izeneko programan parte hartzeko izena emateko epea:

 

2017tik hazten ari den sarea

Elhuyarrek sortutako Bizilabe proiektuak, komunitatearen partaidetzarekin, gazteen artean esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatzen dihardu 2017tik hona. 2019. urtean, Elgoibarko Udalak sustaturik, Bizilabe sareko bigarren zentroa sortu zuten Elgoibarren, eta aitzindariak izan ziren eredu horren garapenean. "Hainbat ikerketak erakutsi dute esperientzia zientifiko goiztiarrek eragina dutela haurren etorkizunean. Hala, neska-mutilak Bizilaben aritzen dira proiektuak eta ikerketak egiten, zientzia- eta/edo teknologia-ikasketak dituzten pertsonek gidatuta. Planteatzen zaizkien jardueren bidez, haurrek askotariko ezagutzak bereganatzen dituzte eta beren proiektu zientifiko eta teknologikoak garatzen dituzte", azaldu dute.

Gainera, ikertzaile profesionalekin egindako “Parekoen Topaketa” ekimenari, Bizilaben jasotako ikertzaileen bisitei edo Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako ‘Erakusleihoak otsailaren 11’ ekimenari esker, gazteek eguneroko lana eta esparru horietako benetako erreferenteak ezagutu dituzte. Halaber, enpresetara eta zentro teknologikoetara egindako bisiten bidez, inguruko errealitate zientifiko eta teknologikoa ezagutu ahal izan dute.

Sustatzaileek nabarmendu dute erreferenteak funtsezkoak direla belaunaldi berriak "inspiratzeko" eta STEM diziplinekiko interesa sustatzeko. "Ildo horretatik, Bizilabek bermatzen du orientatzaileak zientzia- eta teknologia-arloko gazteak izatea. Haien parte- hartzeak genero-estereotipoak hausteaz gain, hurbiltasunez eta errealismoz adierazten die parte-hartzaileei STEMen lan egiteak zer esan nahi duen, eta erakusten du diziplina zientifiko eta teknologikoetan guztientzako lekua dagoela".