Bi finka horiek aurrez bi solairutako etxebizitzak izan ziren, elkarri lotutakoak (74,51 m2-ko azalera erabilgarria zuten), baina egoera txarrean zeuden, besteak beste teilatua jausita zutelako, eta horregatik, Udalak eraisketa partzial batzuk egin behar izan zituen 2020ko irailean, arriskuak saihesteko. Behin lan horiek egin zirenetik, etxebizitzak solairu bakarrekoak dira eta horiek esleitzeko prozesua hasi zuen Udalak 2021ean, irizpide bakar bat jarrita: prezioarena. Etxebizitzak besterentzeko lehiaketa hark ez zuen arrakastarik izan, eta berriro saatuko dira orain, salmenta enkante publiko bidez eginda.
Batera salduko dituzte bi finkak, eta lizitazioaren gutxieneko prezioa 41.563,14 eurokoa izango da. Kopuru hori gorantz hobetu ahal izango da. Enkantean parte hartzeko, 2.078 euroko behin-behineko bermea jarri behar da. Pertsona edo entitate esleipendunak prezio osoa ordaindu beharko du salerosketa-eskritura sinatzen den unean, eta eskualdatzearen ondoriozko gastu eta zerga guztiak eroslearen kontura izango dira.
Erosleak, nolanahi ere, finka horiek etxebizitza gisa berreraiki beharko ditu derrigor eta horretarako bi etxebizitza edo biekin bat egiteko aukera izango du. Udaletik zehaztu dutenez, berreraikitzean jatorrizko altuera, kanpoko bolumena eta tipologia errespetatu beharko dituzte, eta lehendik dagoen beheko solairuko fatxada mantendu. Lan horiek egiteko epe jakin batzuk izango ditu. "Berreraikitze-kronogramak hamabi hilabeteko epea ezartzen du eskritura sinatzen denetik proiektu teknikoa aurkezteko eta obra-lizentzia eskatzeko, sei hilabetekoa obrak hasteko lizentzia ematen denetik, eta 24 hilabetekoa obrak hasten direnetik, obrak amaitzeraino. Epe horiek ez betetzeak zigor ekonomikoak ekarriko ditu, eta jarritako bermea galtzea".