2026-2027 denboraldian gizonezkoen Haundi taldeko entrenatzailea izango dena aurkeztu du klubak: Ander Treviño (Eibar, 1985). Treviñok Borja Rocha Azpitarte ordezkatuko du aulkitxoan, azken bi denboraldiak entrenatzaile karguan egin dituen azkoitiarra. 41 urteko entrenatzaile berriak badu eskarmentua entrenatzaile zereginetan, ia hogei urtean aritu baita taldeak entrenatzen; 14 urte egin zituen Urkomendin eta beste bost urte eta erdi beste bi taldetan, hain justu Eibarren eta Zumaiakon.
Emakumezkoen Haundi taldean ez da aldaketarik egongo aulkitxoan, eta azken urteetan moduan, Andoni Duartek eta Alex Zalbak jarraituko dute entrenatzaile lanetan.
Ohiko batzar nagusia, hilaren 18an
Club Deportivo Elgoibar kirol elkarteak urteko batzar nagusira deitu ditu bazkideak ekainaren 18rako. Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako auditoriumean izango da batzarra, 18:30ean lehen deialdia eta 19:00etan bigarrena.
Besteak beste, urteko balantze ekonomikoa eta kirol balantzea aurkeztuko ditu Txus Alzaga presidenteak gidatzen duen zuzendaritzak, eta 2026-2027 denboraldirako dituzten asmo nagusiak ere aurkeztuko dituzte. Bazkideek galderak eta iradokizunak egiteko aukera ere izango dute.
Paella jana, hilaren 20an
Paella jan baten bueltan agurtuko du denboraldia Club Deportibo Elgoibarrek, ekainaren 20an. Azken urteetan Sigmako aparkalekuan egin izan badute ere (ikus iazkoa), aurtengoa Maalako parkean egingo dute. Bazkarirako txartelak Jai-Alai eta Kaia tabernetan eskuratu daitezke, eta horretarako azken eguna ekainaren 13a izango da. Guraso, bazkide eta zaletuentzako prezioa 25 eurokoa izango da. Gazteek eta umeek 6 euro ordaindu beharko dituzte. Bazkariko menua ere jakinarazi dute: Hestebeteak, entsalada, paella, postrea, kafea, kopa eta ardoa.

