200dik gora lagunek egin dituzte azterketak Elgoibarko Udalean bost funtzionario-postu betetzeko hautaketa-prozesuan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 9a

IMH kiroldegiko kantxan prestatu dute azterketak egiteko lekua. Arg: Elgoibarko Udala.

IMH kiroldegia funtzionario izateko hautagaiz bete da gaur goizean, berton egin baitituzte Elgoibarko Udalean bost lanpostu publiko betetzeko deialdiko azterketa teorikoak.

Zehazki, 103 pertsonak parte hartu dute Gizarte Langile baten lanpostu deialdirako hautaketa-prozesuan, izena emandakoak 140 hautagai ziren arren. Eta, lau administari postu betetzeko deialdiko azterketan, berriz, 122 hautagaik parte hartu dute (izena emandakoak 233 lagun ziren).

Udaletik jakinarazi dutenez, gaur egin dituzten azterketen behin-behineko emaitzak datozen egunetan argitaratuko dituzte Elgoibarko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

Bost lanpostu publiko hauen deialdia eginda, enplegu publikoa egonkortu, udal-zerbitzuak indartu eta herritar guztiei kalitatezko arreta eraginkorra bermatzen zaiela adierazi dute Udaletik. 

Argazkiak: Elgoibarko Udala.