Sanbartolomeetako kartel lehiaketa antolatu dute

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko ekainaren 9a

2024ko kartel irabazlea. Egilea, Sara Basurto.

Sanbartolomeetako egitarauaren azala aukeratzeko irudi lehiaketa antolatu du Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak, eta ekainaren 19ra arteko epea dago lanak aurkezteko. 

 Parte hartu ahal izateko 18 urte eginda eduki behar dira. Teknika librea izango da, baina ezinbestean agertu beharko da ondorengo testua: Elgoibar, San Bartolome jaiak 2026. Partaide bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta argitaratu gabekoak izan beharko dira. Antolatzaileek esan dute ez dutela onartuko adimen artifizialarekin egindako lanik. 

Sariak eta epeak

Irabazlearentzako sari bakarra egongo da; 800 eurokoa. Lanak Aita Agirre kulturgunean aurkeztu beharko dira, Kultura Sailean, ekainaren 19rako, 13:00ak aurretik. Egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira lanak, atzeko aldean "leloa" jarrita. Horrekin batera, gutun-azal itxi batean, parte-hartzailearen datu pertsonalak eta NANaren kopia entregatu beharko dira, eta gutun-azalaren gainean, lanaren “leloa” jarriko da. Informazio gehiagorako Udaleko Kultura Sailera jo daiteke: 943 74 21 45

Oinarriak

LEHENENGOA.- Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte.

BIGARRENA.- Teknika librea izango da (argazkia, pintura, marrazkia, collagea, e.a.). Lanak euskarri gogorrean aurkeztuko dira. Lanen neurria honako hau izango da: 225 mm x 225 mm neurrikoa edo proportzionala, 300 puntu hazbeteko bereizmena duena. Adimen Artifizialarekin egindako lanak ez dira onartuko.

HIRUGARRENA.- Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta lanak argitaratu gabeak izango dira. Ezin da aurretik aurkeztutako lanekin parte hartu.

LAUGARRENA.- Ezinbestekoa izango da ondorengo testua agertzea: “ELGOIBAR, SAN BARTOLOME JAIAK 2026"

BOSGARRENA.- ZORTZIEHUN EUROKO (800 €) sari bakarra izango da.

SEIGARRENA.- Lanak Aita Agirre kulturgunean aurkeztu behar dira. Lanak aurkezteko epea 2026ko EKAINAREN 19an, eguerdiko 13:00etan bukatuko da. Helbidea: Aita Agirre kulturgunea. Aita Agirre plaza, 3-1.ezk. 20870, Elgoibar

ZAZPIGARRENA.- Lanak egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira, atzeko aldean “leloa” jarrita. Horrekin batera, gutun-azal itxi batean, parte-hartzailearen datu pertsonalak eta NANaren kopia bidaliko dira, eta gutun-azalaren gainean, lanaren “leloa” jarriko da.

ZORTZIGARRENA.- Saritu gabeko lanak epaimahaiaren erabakia jakinarazi ondoren jaso ahal izango dira. Horretarako, HOGEITA HAMAR (30) EGUNEKO epea izango da. Lanak aipatutako epean jaso ezean, Udalak uste izango du egileak horiei uko egiten diela. Ondorioz, egileari inolako eskubiderik aitortu eta ordainik eman gabe, egoki irizten dion moduan erabiliko ditu.

BEDERATZIGARRENA.- Saritutako lana euskarri informatikoan eman beharko zaie antolatzaileei, baldin eta formatu horretan eginda badago. Lana, bestalde, Udalaren jabetzapean geratuko da.

HAMARGARRENA.- Saritutako lanak Udalaren esku geldituko dira. Udalak, halaber, lan horiek inprimatzeko, argitaratzeko eta ezagutarazteko eskubidea izango du, baita gainerako eskubide guztiak ere.

HAMAIKAGARRENA.- Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da. Erabakia hartzen den egun berean jakingo da epaimahaia nork osatzen duen. Epaimahaian emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekatua izango dela bermatuko da. Horretaz gain, epaimahaiak argituko ditu oinarrihauei buruz sor daitezkeen zalantzak.

HAMABIGARRENA.- Lehiaketara aurkezteko, guztiz onartu beharko dira lehiaketa arautzen duten oinarriak.

HAMAHIRUGARRENA.- Generoa irudikatzeko erabiltzen diren irudietan oreka bete beharko da, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan, diferentzien tratamendu gutxiesgarria saihestuko da.