Emakumezkoetan Naiara Irigoyen Indave izan zen azkarrena. Proba irabazteko faborito argia zen korrikalari nafarra; igoera bertikaletan Munduko, Europako eta Espainiako txapelduna baita. 41 minutu eta 16 segundoan osatu zuen 2,6 kilometroko ibilbidea (972 metroko desnibela). Hiru minututik gorako aldea atera zion bigarren sailkatuari, Veronica Sanchez Romerori (00:44:47) eta sei minutukoa hirugarren postuan sailkatu zen Natalia Gonzalez Sobrinori (00:47:17). (lehen hiru sailkatuen ailegaera).
Zortzigarren postuan sailkatu zen Morkaiko taldea ordezkatu zuen Ainhoa Lendinez Garate elgoibartarra, 00:49:57ko denborarekin. Gainera, beteranoen podiumera igo zen denbora horrekin, bigarren denborarik onena eginda.
"Benetako bertikala"
'Gogoko tokian, aldaparik ez´, dio esaerak; bada, Lendinezentzat gogoko tokia da Fuente De; baina, hain justu dituen aldapa pikoengatik, eta orohar probaren gogortasunagatik. Gogoko ditu halako gogortasunari eusten dioten probak, gero eta gutxiago geratzen direla baitio. "Oso bertikal gogorra da; lekua zoragarria, aldapatsua, hasieran zelai gainetik eta gero kareharria. Izugarri gustatzen zaizkit halako parajeak: kilometro gutxian desnibel handiak, benetako bertikala. Zoritxarrez gero eta gutxiago daude horrelakoak".
Beteranoak lehiakor igoera bertikaletan
Proba honek, gainera, oroitzapen onak ekartzen dizkio gogora. "Duela 8 urte euskal selekzioarekin lehiatu nintzen, eta podiumera igo ere bai, Maite Maiorak irabazi eta errekorra ondu zuen proba hartan". Orduan egin zuen denboratik urrun geratu den arren, pozik dago lehen hamar sailkatuen artean sartu izanarekin eta beteranoen podiumera igotzeko aukera izan duelako. Mendi lasterkari beteranoak goraipatu ditu Lendinezek. "Pozgarriena izan da sailkapen nagusian txapeldunorde geratu zen emakumea ere beteranoa zela; 51 urte ditu. Askotan esaten da bertikalak gazteentzako moduko probak direla, denbora tarte laburrean ahalegin handiak egitera behartzen duten lasterketak direlako; baina beteranook lortzen ditugun emaitza on hauek erakusten dute adina ez dela muga. Gertuko bat aipatzearren, hor daukagu Larizen kasua; goian jarraitzen du urteek aurrera egin arren".
Gizonezkoen artean, Marcos Villamuera Izquierdo izan zen azkarrena Fuente De-ko igoera bertikalean, bigarren urtez jarraian. Gainera 00:32:41ko denborarekin, 40 segundoan ondu zuen iaz berak ezarritako errekorra.