Elgoibarko Udalak jakinarazi du Mintxetako muskulazio gelaren berritze eta handitze lanak ekainaren 15ean hasiko direla. Hala ere, abonatuek kirol jarduerarekin jarraitu ahal izateko, kardio gelako makina eta aparatuak eta indarreko poleadun makinak IMH kiroldegiko kantxara eraman dituzte, eta obrak iraun bitartean han izango dute kirol-makinak erabiltzeko aukera.
Kantxa egurrezkoa denez, ezingo da pisu librearekin entrenatu zorua puskatzeko arriskua dagoelako, baina IMH kiroldegian bertan dagoen areto batean hainbat mankuerna, banku, barra eta disko jarriko dira oinarrizko ekipamendu gisa.
Berritze eta handitze lanak abuztuaren erdialdera bukatzea espero dute arduradunek, eta abuztuko bigarren hamabostaldian jarriko dituzte makina berriak muskulazio gelan. Udalak 80.000 euroko inbertsioa aurreikusi du makina berrietarako.
Ezustekorik gertatzen ez bada, Udaleko arduradunek Mintxetako muskulazio gela irailaren hasieran berriro martxan jartzea espero dute.