'Sorotan Bele Gogoan' kontzertua emango dute barikuan taldekideek eta Elgoibarko Udal Musika Bandak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 11

Urbil Artola eta Gorka Sarriegi Ermuko Alboka Musika Eskolako kideekin batera eman zuten emanaldian. Ermuko Udala.

Sorotan Bele taldeko kide ohiek musika bandei begira egindako emanaldia ondua dute, Sototan Bele Gogoan izenekoa. Oraingoan, Elgoibarko Udal Musika Bandarekin batuko dituzte indarrak.

Bariku honetan, ekainaren 12an, emango dute kontzertua, Kalegoen plazan (22:30), Gorka Mujika Urainen zuzendaritzapean.

Taldeko lau kide arituko dira bandarekin: Gorka Sarriegi abeslaria, Urbil Artola gitarrista, Ritxi Salaberria baxu jolea eta Aitor Etxaniz bateria jolea. Gorka Sarriegi abeslariaren berbetan, abestiek eta ikuskizunak "indar gehiago" hartzen du musika bandarekin. "Beste soinu mota bat da, baina, era berean, betiko abestiak dira". Taldearen abesti ezagun asko entzuteko aukera izango da Elgoibarren, besteak beste, Arratsalde honetan, Amaren Besoetan, Atalaia, Zortzi orduko ekaitza, Ezezagunaren abestia edo Ilundu aurretik

Ibilbide laburra; lorratz luzea

Euskal Herriak izan duen folk-pop talderik gogoangarrienetakoa izan zen Sorotan Bele taldea, 1992. urtean Hondarribian sortua. Hondarribiko eta Lezoko zazpi gaztek (17-18 urte ingurukoak ziren gehienak) osatu zuten taldea, eta lau urtean, 1992etik 1996ra bitartean, hiru disko argitaratu zituzten: Sorotan Bele (1992), Mundu Hegian (1994) eta Jonen kezkak (1996an). Diska horietan jasotako kantu asko ezagunak egin ziren gerora. Estudioko diskez gainera, zuzeneko bideo bat ere plazaratu zuten. Taldeak 1996ko azaroaren 30ean eman zuen bere azken kontzertua Irunen.

Bandekin elkarlanean

Taldean aritutako zenbait kidek 2021ean estreinatu zuten Larrabetzun Sorotan Bele gogoan, Xabier Zabala musikari eta moldatzaileak sortutako emanaldia. Izatez, 2020rako zuten iragarria emanaldi hura, taldea sortu zenetik 30 urte igaro zirela ospatzeko; eta, 1990ean lehen kontzertua eman zuten herri berberean estreinatu nahi zuten ikuskizuna, Larrabetzun. Pandemiagatik 2021era atzeratu behar izan zuten emanaldi hura. Harrezgero, hainbat lekutara eman dute ikuskizuna, eta harrera oso polita eduki duela diote. "Ikuskizunaren xederik nagusiena kantu haiek utzitako ondarea transmititzea da, Herriko Musika bandekin batera eta denok elkarrekin abesten ikustea".

Kontzertu bereziak, urtez-urte

Elgoibarko Udal Musika Bandak bandek eskaintzen dituzten ohiko saioetatik aldentzen den kontzertu “desberdin” bat antolatzeko ekimena jarri zuen abian 2016an, besteak beste, Bandaren kontzertuetara publiko “berria eta gazteagoa” erakartzeko asmoarekin. Harrezgero, urtero eman dute kontzertu berezi hori, eta askotariko musikekin uztartu dute bandako musika: rock gaua egin dute behin baino gehiagotan, Celtas Cortos taldearekin batera ere aritu ziren Elgoibarko musikariak, modu klasikoagoan Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatzarekin, eta Gospel gaua egin zuten 2022koan, Goizargi Gospel Choir taldearekin. Queen Gaua izan zen 2023koa eta 2024an Serafin Zubirirekin batera aritu ziren, Nino Bravori gorazarre eginez. Iazkorako Korrontzirekin batu nahi zituzten bideak, baina bertan behera laga behar izan zuten asmoa, eta Queen Gaua errepikatu zuten, aurrenekoaren arrakasta berarekin.