Gaztela Leongo parajerik ederrenetakoak ditu Burgosko Merindadeak, Euskal Herriarekin eta Cantabriarekin muga egiten duen eskualdeak. Joan den zapatuan mendi lasterkariz bete ziren hango ingurune natural paregabeak, 1.000 lasterkari baino gehiagok parte hartu baitzuten La Picón Castro proban, hiru modalitateetan banatuta.
Mayi Mujika probarik luzeenean lehiatu zen, ultra distantziakoan (62 kilometro eta 3.700 metroko desnibel positiboa); eta, lasterketa buruari eutsi zion hasieratik bukaerara. Aurre egingo zion aurkaririk ez zuela ikusita, probako errekorra ontzea izan zuen motibazio nagusia, eta zortzi orduren azpitik bukatzeko erronka ere jarri zion bere buruari. Bi helburuak lortu zituen Domusa Teknik Lana taldeko kideak, 07:54:24ko denboran osatu baitzuen ibilbidea, ordura arteko probaren marka ia ordubetean onduz. Gainera, sailkapen nagusiko 12. postuan helmugaratu zen Mujika (ikus sailkapenak -PDF-). Ultra distantziako proban 192 mendi lasterkari lehiatu ziren.
Helmugan adierazi zuenez, zortzi orduz azpitik ibiliko zela esan zion lagun batek lasterketa hasi aurretik, eta kilometroak pasa ahala, egiten ari zen denborei erreparatuta, lagunak arrazoia izan zezakeela konturatu zen. "Erreferentzia horiek ikusita estutu nuen erritmoa". Maria Ricondo sailkatu zen bigarren postuan (8:21:43), eta Cristina Sellers hirugarrengoan (8:34:40).
Mayi Mujika: "Polita izango zela uste nuen, baina agian ez hainbeste"
Mujikari asko gustatu zitzaion lasterketa. "Polita izango zela uste nuen, baina agian ez hainbeste", dio. Distantzia luzean ematen du bere onena, bereziki ultra distantzian. Gainera, ibilbidea zenbat eta gogorragoa izan, hobeto moldatzen da bera. "Hasierako kilometroak korrika arin egiteko modukoak ziren, baina bigarren zatian, zangoak astunago zeudenean, harri artean ibili ginen korrika. Hor bai, zati horretan oso gustura joan nintzen, oso ibilbide polita delako. Gainera, oso irristakor zegoen, eta jaitsierak ere kontuz ibiltzeko modukoak ziren. Niri tarte teknikoak gustatzen zaizkit; hortaz, asko gozatu nuen. Helmugatik gertuen zeuden azken bi maldek min eman zuten, baina tira, nire erritmoa hartu nuen eta gustura iritsi nintzen helmugara", adierazi zuen helmugan eginiko adierazpenetan.
Gizonezkoetan Daniel Soria kantabriarra gailendu zen ultra distantziako proban, 06:55:26ko denbora eginda.
*Argazkiak: La Picon Castro. (irudi guztiak hemen)