Asko eman dio Tertuliak programak Elgoibarko euskalgintzari, jende asko da euskaldunagoa hari esker, eta horregatik ospatu nahi dute eragileek 25. urteurrena, programan parte hartu duten guztiekin batera. Tertuliakideek egindakoari balioa eman nahi diote, eta egindakoagatik eskerrak emango dizkiete.
Ospakizun xume baina benetakoa izango dela adierazi du Imanol Larrañagak, Elgoibarko Izarrako dinamizatzaileak. Tertuliak programari buruzko bideo bat sortu dute, eta ospakizun-jaian ikusiko da ikus-entzunezko hori, estreinakoz. "Erregalutxoren bat ere egongo da tertuliakide izan direnentzat, eta kantu-giroan amaituko dugu urteurren-jaia", gaineratu du.
2001ean jarri zuten martxan Tertuliak programa. Helburua argia zen: euskaraz jarduteko erraztasunik edo aukerarik ez zutenei euskaraz berba egiteko eta euskara entzuteko aukera eskaintzea. Hala ekin zioten 2001ean, eta urtero-urtero izaten dira 35-40 lagun inguru parte hartzen. Izena edozeinek eman dezake, doan, baina parte hartu nahi duenak ulertu egin behar du euskara, eta berba egiteko gutxieneko maila ere eskatzen zaie. Izan ere, jendeak euskara erabiltzea da programaren arrazoia, bakoitzaren euskara-gaitasuna edozein dela ere. Dakitena praktikan jarri eta ez dakitena ikastea da helburua. Astean ordubetez euskaraz berba egiteko guneak eta kideak eskaintzen zaizkie izena ematen dutenei (bidelariak). Bospasei laguneko taldeak antolatzen dira, eta talde bakoitzean euskaraz ondo moldatzen den lagun bat dago (bidelaguna). Hark dinamizatzen du taldea.
Taldeak astean behin biltzen dira, bakoitzak nahi duen egun eta ordutegian, eta berbetan jarduteko modua ere talde bakoitzak erabakitzen du: gehienek kafe edo mahai baten bueltan jarduten dute tertulian, baina badira oinezko joan-etorrian ibiltzen dutenak ere.
Programak ikasturteka funtzionatzen du, irailean hasi eta ekainera arte, eta, batez beste, talde bakoitzak 35 ordu inguru ematen ditu euskaraz egin eta euskara entzuten.
Elgoibarko Izarrak dinamizatzen ditu Tertuliak saioak, Udalaren, AEK euskaltegiaren eta Udal Euskaltegiaren babesarekin eta lankidetzarekin.