Urruzuno elkarteak Urruzuno Trail Fest ekimena antolatu du hainbat eragileren laguntzarekin; besteak beste, CATT Morkaiko eta Udala. Egitaraua 5,5 kilometroko mendi lasterketaren bueltan ondu dute. Albitxuri Industrialdetik abiatuko dira lasterkariak eta Urruzuno elkartearen egoitza aurrean egongo da helmuga. Ibilbidea auzoko mendiko pistetatik, baso bideetatik eta bidezidorretatik igaroko da, eta 260 metroko desnibel positiboa izango du.
Antolatzaileen berbetan mendiko lasterketetan hasi nahi duen edonorentzat diseinatua dago, eskarmentu handiagoko saltakariek ere gozatzeko modukoa dela uste duten arren. Izen-ematea egunean bertan egin beharko da, 5 euro ordainduta.
Festa, bigarren zatian
Lasterketa 17:00etan hasiko da, eta 15:30etik 23:00ak bitartean autobus zerbitzua egongo da Txarridunako biribilgunea eta Urruzuno artean. Sari banaketa egin ostean, 19:00etatik aurrera, DJ saioa hasiko da. Pires eta J arduratuko dira musika jartzeaz, eta txosna eta foodtrucka ere egongo dira Urruzunoko elkarte aurreko plazatxoan.
Ekimenaren inguruko informazio osoa hemen.
