BPTDk bere indarra erakutsi du IMHn Debabarrenean industria erakitzeko lankidetza-gune gisa

Barrena 2026ko ekainaren 13a

Batzarreko parte hartzaileak atzo IMHren egoitzan.

BPTD (Basque Precision Technology District) elkarteak bere Biltzar Nagusia ospatu zuen atzo Elgoibarko IMH Campusean, eskualdeko industria-sarearen osasuna eta etorkizuneko erronkak mahai gainean jartzeko. Ekitaldiak 80 ordezkari baino gehiago bildu zituen —enpresetako kideak, teknologia-zentroak, hezkuntza-eragileak eta erakundeetako ordezkariak—, Debabarrenak lankidetzaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren bidez aukera ekonomiko berriak sortzeko duen "potentziala" aldarrikatuz.

 

Inaugurazio-hitzaldian, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak "eskualdeko gaitasun industrial eta teknologikoak indartzen jarraitzeko beharra" azpimarratu du, etorkizuneko erronkei "arrakastaz" aurre egiteko. Iñigo Pérez-Arregui BPTDko presidenteak, Cristina Zumeta eta Sara Abadekin batera, elkartearen jarduera-balantzea eta datozen urteetarako lehentasun estrategikoak aurkeztu dituzte. Horien artean, helburu nagusia da industria-lankidetzak bultzatzea, jarduera ekonomiko berria sortzeko eta eskualdeko enpresa-sektorearen lehiakortasuna indartzeko.
 
Ikuspegi horren adibide gisa, Danobatek gidatutako ROBOOST proiektua nabarmendu dute, enpresa eta erakundeen arteko lankidetzak eragin handiko proiektu industrialak nola sor ditzakeen erakusten baitu. Ildo beretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta IMH Campuseko zuzendaritzak talentuaren eta berrikuntzaren garapenerako gune estrategikoak indartzeko konpromisoa adierazi dute.
 
Biltzarraren beste ardatz garrantzitsu bat ekintzailetza izan da. ADEGIko Josean Rodriguezek talentua negozio-ekimen berri bihurtzeko erronkak aztertu ditu, eta mahai-inguru batean enpresa finkatuen eta start-up-en arteko elkarlanerako esperientzia errealak partekatu dituzte.
 
Azken batean, Biltzarrak berretsi du "Debabarrena eskualde industrial, berritzaile eta ekintzaile gisa sendotzeko borondatea, eta etorkizuneko belaunaldientzako aukerak bermatzeko gai dela" eta BPTDk funtzio garrantzitsua betetzen duela sustatzaile gisa.