LaRoita erronka: Inoiz baino lehiakide gehiago, betiko izaera

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 14a

Hamabi lehiakideak, taldeka banatuta; eta antolatzaileak bkamiseta urdinaz. BARRENA

Goia jotzeke jarraitzen du LaRoita erronkak, azala berrituz eta hazten segitzen baitu bost edizio jokatu eta gero. Iaz emakumezkoak aritu ziren lehian lehendabizikoz (Nerea Sasiain eta Ainara Burunza); aurten talde mistoetan lehiatuko dira estreinakoz.

Hamabi izango dira lehiakideak, lau taldetan banatuta, era honetan:

  1. Jaujar taldea (Garazi Catalan, Gorka Melgosa eta Eneko Barruetabeña)
  2. Wonga (Jon Beristain, Sarai Sanchez eta Ander Armendia)
  3. Roketxe (Ander Aranberri, Alazne Martinez eta Egoitz Arrizabalaga)
  4. Gaztienak (Ane Arregi, Iker Berristain eta Aimar Elizburu). 

Taldekide bakoitzak kirol bat egingo du: Mutrikuko portuan igerian lehenak, Mutrikutik Elgoibarrera bizikletan bigarrenak eta Kalegoen plazatik Karakatera hirugarrenak.
Taldeek mistoak izan behar zutela zehaztu zuten antolatzaileek, eta beste baldintza bat ere jarri zuten. Taldekideek "lagunartekoak" izan behar zuten, hau da, kuadrilla, kirol talde edo kinta berekoak, edo bikote harreman batean daudenak, bestela.

Kirola deta festa

Uztailaren 4an jokatuko dute LaRoita Erronkaren 6. ekitaldia, eta LaRoitakoak dagoeneko hasiak dira giroa berotzen. Ez baita kirol erronka soila, porra, sariak, bazkaria, kontzertuak... egun osoko egitaraua prestatzen dihardute. 

Lehiakideek ere nabari dute eguna gerturatzen ari dela, kalean askok galdetzen baitiete nola ari diren moldatzen entrenamenduetan. Beharbada, porran noren alde apostua egin jakin nahiko dute. Talde irabazleak bigarrenari zenbat denbora aterako dion asmatu beharko dute porran parte hartu nahi dutenek. Egunean bertan banatuko dute saria, eguerdi inguruan Maalan egingo duten sari banaketa ekitaldian. Sari banaketa ostean Mauxitxa txarangak gidatuko duen kalejiran joango dira bazkaltzera erronkak batuko dituen gazte guztiak.

600 lagun inguru bazkarian

Antolatzailek 600 bat gazte inguru aurreikusten dituzte bazkarirako. Kalegoen plazan egin zuten iazkoa eta Sigmako aparkalekuan egingo dute aurtengoa. Iaz moduan, Eusko Parrillarekin egingo dute bazkaria. Izena eman nahi dutenek LaRoitakoek instagramen duen kontuaren bidez egin behar dute izen ematea.