Mendi-lasterketen erdigune izan zen Izaba asteburuan. Camille Extreme mendi lasterketaren 20. edizioa ospatu zuten, gaur egun Nafar Pirinioetan eta mendi lasterketen zirkuituan erreferente den probaren urtemuga. Izabako Kirol Elkarteak (IKE) antolatzen du Camille Extreme (32 km eta 2.044m+) eta horrekin batera baita Cannelle Trail (13 km eta 900 m+) eta Ardibidepikua KB probak ere. Azken hori Kilometro bertikalen Euskal Herriko Txapelketa izan da aurten, eta 123 lagunek hartu zuten parte, horien artean CATT Morkaiko taldeko bost ordezkarik.
Izabako Erminea frontoiko plazatik irten ziren antxitxikariak eta Ardibidepikuaruntz joan ziren handik. Helmuga Larratza (1.587m) mendi gailurrean zegoen. Leti Bullido espainiarra (42.03) eta Aitor Ugarte aramaioarra (31.04) izan ziren azkarrenak. Iñigo Lariz elgoibartarra sailkapen nagusiko laugarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 2:57ra, 34:01eko denbora eginda. Gainera, Lariz gailendu zen beteranoen artean, 43 segundoko aldea aterata bere atzetik sailkatu zen Imanol Goñiri. Aitor Ajuria (31:57) sailkatu zen sailkapen nagusiko bigarren postuan eta Aritz Unamuno hirugarrengoan (33:29).
CATT Morkaikoko kide Iñaki Egizabal ere igo zen podiumera, bigarren postuan sailkatu baitzen Master B kategorian, 41:11ko denbora eginda. Ander Arambarrik ere hartu zuen parte proban eta 60. postuan sailkatu zen (47:25).
Emakumezkoetan beteranoen podiumera igo zen Pilar Arriola, Master AC kategorian, hain zuzen ere. Arriola 19. postuan sailkatu zen (54:02). CATT Morkaikoko Alazne Lozano 16. postuan sailkatu zen (52:30).
Lehian bakarrik ez, EMFrako epaile lanetan ere aritu ziren Morkaikoko kide Denis Saiz eta Jose Luis Diez 'Txelu'.