2026koa IMH Sarien 24. ekitaldia izan da eta joan den ekainaren 11n egin zuten sari banaketa ekitaldia, lanbide heziketako diplomak banatzeko ekitaldiarekin batera. Zazpi sari banatu zituzten IMH Sarietan, honakoak:
- Ikasle Ohi Aipagarriaren Saria; Gorka Garate Rodrigo elgoibartarra.
- Lanbide Heziketako espezializazioko ikasle aipagarrienarentzako saria: Unai Aizpurua Juaristi zarauztarra.
- Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasle aipagarrienarentzako saria: Aitzol Arancibia Irastorza zestoarra.
- Erdi-mailako ikasle aipagarrienaren saria: Eriete Zubizarreta Goenaga azkoitiarra.
- Ikasle elgoibartar aipagarrienaren saria: Iker Benito Astigarraga.
- Enpresako jarraipen koaderno aipagarrien saria: Doha Saoune Hachmi eta Cristian Correa Ortega.
- Korta enpresak babesten duen Balioen Saria hiru ikaslek jaso zuten, honakoek: Jara Rico Morales, Doha Saoune Hachmi eta Mónica Herrera Arteaga.
Ikasle ohi aipagarria: Gorka Garate
IMHtik jakinarazi dutenez, ekintzailetzari bideratutako ibilbide profesional eredugarriagatik saritu dute Gorka Garate ikasle ohia. "Egoera konplexuetan ausardiaz aurre egiteko gaitasuna, lanaren esfortzua eta dedikazioa jarri ditugu balioan", zehaztu dute sari emaleek. Saria jaso ostean lanean egin duen ibilbidearen berri eman zuen Garatek:
Gorka Garate Rodrigo (Elgoibar, 1980), Elgoibarko Magar Sistemas enpresako gerentea, diseinatzailea, komertziala, eta erosketa arduraduna da, besteak beste,. denetik egin behar izaten duela baitio.
Batxilergoa amaitzean Diseinua ikasteko asmoa zuen, baina azkenean Mekatronikako bidea hartu zuen IMHn. Ondoren, goi-mailako titulu gehiago lortzeko grinez, Berrikuntza Ingeniaritza Duala ikasi zuen.
Magar Sistemas Javier Garatek sortu zuen 1994an, eta 2000. urtean sartu zen semea aitaren enpresan, Ingeniaritza ikasketetako enpresa-dual sistemaren bitartez. 2008ko krisia etorri zenean aldaketak egon ziren, eta Etxe-Tar enpresako bulego teknikoan postu bat eskaintzen zutenez, han hasi zen lanean. Etxe-Tarren lan egitea "master" egitearen parekoa izan zela dio Garatek, diseinu lanetan trebatzeko aukera eman ziotelako.
Garate 2015ean itzuli zen Magarrera. Besteak beste robot-zelulak egiten dituzte, trazabilitate sistemak, markajeak laserrarekin, entsegu-makinak eta mekanizazio makina txikiak, teknologia berriak aplikatuz (automatitzazioak, ikusmen artifiziala., e.a).
Gaur egun bi lankidek osatzen dute Magar: Gorkak berak eta Igor Iriondok. Igor IMHko mekatronikako ikasle ohia da eta IMH Sarietan ikasle aipagarria eta elgoibartar aipagarria sariak jasotakoa da. Gorkak ez zekien Igorrek sari horiek jaso zituenik. Biak dira mendiko motorren zaleak, eta Gorkak aspalditik ezagutzen zuen Igor. Beti gustatu izan zaio hark mendian erakusten duen jarrera eta horregatik eskaini zion Magarren lan egitea.
Izan ere, Gorkarentzat jarrera balio garrantzitsua da. Haren berbetan, ez zen oso ikasle ona, baina lan eginda eta orduak sartuta bukatu zituen ikasketak. Jarrera on batek garrantzi handia duela uste du eta ausardia ere beharrezkoa dela esan zuen. Horregatik, ausartak izatera animatu zituen gaur egungo ikasleak. "Ez konformatu lortzen duzuen lehen lanarekin, egon prest aldaketetarako". Gazteei jartzen zaizkien etiketak ere aipatu zituen. Haren ustez etiketak puskatzeko daude eta argi du gaur egungo gazteak, lehengoak bezala, ekintzaileak direla, langileak, "jarrera izan behar dute, besterik ez".
Ikasle aipagarria, espezializazioan
Aurtengo Lanbide Heziketako espezializazioko ikasle aipagarria Unai Aizpurua Juaristi zarauztarra izan da.
Aizpuruak Fabrikazio Aditiboko espezializazioa ikasi du IMHn, eta duala CEIT zentroan garatu du. Etorkizunari begira, bere enpresa-proiektua martxan jartzeko lehen pausoak ematen hasia da jada, Ekingune eta Urratsbat programen bidez.
Bere proiektuaren helburua da deskatalogatutako piezak diseinatu eta fabrikatzea, baita ordenagailuetako xagu pertsonalizatuak egitea ere.
Diploma eta 300 euroko Txankakua merkataritza elkarteko bonoak jaso ditu opari. Saria Josu Riezu AFM Clusterreko pertsonen arloko zuzendariak eman dio.
Ikasle aipagarria, goi mailan
Aurtengo Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasle aipagarria Aitzol Arancibia Irastorza zestoarra izan da.
Aitzolek Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikasi du IMHn. Duala Hernaniko Mitxelena enpresan egin du, eta bertan lanean jarraituko du.
Diploma eta 300 euroko erosketa-bonoa jaso ditu oparitzat, Txankakua merkataritza elkarteko dendetan gastatzeko.
Ikasle aipagarria, erdi mailan
Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleen artean, Eriete Zubizarreta Goenaga azkoitiarra izan da Sarita.
Zubizarretak Mekanizazio zikloa ikasi du IMHn, eta Erasmus praktikak Kroazian egin ditu. Aurrera begira, Goi Mailako Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikasten jarraitzeko asmoa du.
Diploma eta 300 euroko erosketa bonoa jaso zituen saritzat.
Ikasle elgoibartar aipagarria
Aurtengo ikasle elgoibartar aipagarria Iker Benito Astigarraga izan da.
Benitok Elkarlaneko Robotika espezializazioa ikasi du IMHn, aurretik Mantentze-lan Elektromekanikoa eta Mekatronika Industriala egin ondoren. Duala Dicar enpresan egin du, eta han jarraitzen du lanean.
Bitxikeria gisa, 2023an ere ikasle elgoibartar aipagarri izendatu zuten, Ibai Arandiarekin batera.
Diploma eta 150 euroko erosketa bonoa jaso ditu sariagatik.
Enpresako jarraipen koaderno aipagarria
Lantokiko prestakuntza edo eredu dualean ikasleak enpresan garatzen duten jarduerari buruz egindako deskribapen-txosten onena ere saritzen dute IMH Sarietan, eta aurtengoan bi sari banatu dituzte: bat Erdi Mailan eta bestea Goi Mailan.
Erdi Mailan saritua: Doha Saoune Hachmi soraluzearra izan da saritua. Mantentze-lan Elektromekanikoko Erdi Mailako zikloa egin du eta dual orokorra EGASCA enpresan garatu du. Aurrera begira, Robotika ikasten jarraitzeko asmoa du, eta etorkizunean unibertsitate ikasketekin jarraitzeko asmoa ere badu.
Goi Mailan saritua: Cristian Correa Ortega azkoitiarra izan da Goi Mailako jarraipen koaderno aipagarriaren saritua. Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikasi du, dual orokorra IBARMIA enpresan egin du eta bertan lanean jarraituko du.
Balioen saria
Korta enpresak babestutako Talde-lanaren balioaren saria ere banatu zuten, talde-lan aipagarriena gauzatu duten ikasle-taldeei aitortza egiteko.
Sari honen bidez, batetik SpainSkills lehiaketan parte hartu duen ikasleari egin diote aitortza, eta, bestetik, Steam bokazio teknologikoak sustatzeko ekintzetan inplikatu diren ikasleak aitortu nahi izan dituzte.
Sarituak honako hauek izan dira:
- Jara Rico Morales, mendaroarra, Fabrikazioko Espezializazioko ikaslea. Aurretik Mekanizazioa eta Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa egin ditu, duala FOCS enpresan garatu du eta EuskoSkills lehiaketan urrezko domina lortu zuen CNC fresatzeko proban.
- Doha Saoune Hachmi, soraluzetarra, Mantentze-lan Elektromekanikoko Erdi Mailako ikaslea, STEAM jardueretan egindako ekarpenagatik.
- Mónica Herrera Arteaga, elgoibartarra, Mantentze-lan Elektromekanikoko Erdi Mailako ikaslea, STEAM jardueretan egindako ekarpenagatik.
Sari banaketako laburpen-bideoa: