Sanbartolomeetako jaien barruan, umeentzako eta nerabeentzako bazkariak antolatu ditu Udalak, Atxutxiamaika aisialdi taldearen bitartez, eta dagoeneko zabalik dago bazkari horietarako izena emateko epea. Interesatuek ekainaren 30era arteko epea dute izena emateko. Izen-ematea online egin beharko da, atxutxiamaika.eus webgunean dauden formularioak beteta. Bazkari bakoitzerako formulario bat prestatu dute. LHko ikasleek Umeen Eguneko bazkarian parte hartzeko aukera izango dute, eta DBHkoek, berriz, Nerabeen Egunekoan. Abuztuaren 27an izango da lehena eta hilaren 28an, berriz, bigarrena.
IZENA EMATEKO FORMULARIOAK
Egitekoak, adinaren arabera
Formularioa betetzerakoan parte-hartzailearen ikasturte maila zehaztu beharko da, eta horren arabera agertuko zaizkio parte hartzeko dituen aukerak. Batzuek, esaterako, mahaia prestatzen lagundu dezakete, eta beste batzuek erraldoi txikien konpartsan parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, denen artean egin beharrekoak ere izango dira.
Kamiseta, hilaren 26an
Umeen eta Nerabeen egunei lotuta, egun bakoitza apaintzeko kamisetak aterako dituzte aurten ere. Horretarako, irudi lehiaketa egin dute, eta 30 bat lan aurkeztu dituzte. Horietatik hamar aukeratu dituzte arduradunek, eta finalista horien irudiak Kultur Kafean jarri dituzte ikusgai, herritarrek euren gustukoena aukera dezaten. Dagoeneko itxita dago lehiaketa, baina oraindik badago botoa emateko aukera. Gaur izango da horretarako azken eguna, tabernaren ordutegian. Datorren astean jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, eta, hain zuzen ere, irabazle horiek aukeratuko dute aurtengo kamisetaren kolorea.
Bazkaritan parte hartzen dutenek kamisetak eskatzeko aukera izango dute, formularioan bertan. Abuztuaren 26an banatuko dituzte, 16:30etik 18:30era bitartean, Bolatokian.