Garrantzi handiko proiektuak eskuratzeko eta modu globalean jarduteko asmoz sortu zuten Inzu Group korporazioa 2007. urtean. Nazioartean ezaguna den euskal industria-taldeak "balio erantsi handiko" soluzioak eta zerbitzuak eskaintzen ditu eremu ugaritan, eta hainbat sektoretako enpresez osatuta dago. Bi enpresarekin abiatu zen talde industriala, hain justu Etxetar eta Albicein; eta, azken urteetan hamalau enpresako korporazioa eta zentro teknologiko propioa izatera igaro da: oinarri teknologikoko industriala (Etxetar, Talens, Gaindu, Gurutzpe, Macarbox, Izadi, Ezarri, Sisfle), digitala (Titanium, Aingura, Soc-e) eta jasangarritasuna (Gsf, Entzimatiko, Ekonek).
2012an eratu zuten Ikergune, euskal konglomeratuaren I+G enpresa-unitatea. 800 bat langilek dihardute Inzu korporazioan.
Kutxa Fundazioan integratuta
Iaz, Kutxa Fundazioak Inzu Group korporazio teknologiko industrial osoa eskuratu zuen. Operazioaren zenbatekorik ez zuen eman Kutxak. Baina azaldu zuen Inzu Group erosita Kutxak pauso kualitatiboa eman zuela gaitasun teknologiko industriala gehitzeko bere finantza gaitasunari, "etorkizunean Gipuzkoan dauden beste enpresei ere gaitasun horiek eskaintzeko". Aurretik, Inzu Groupen %37 zuen Kutxak, baina, osorik erosita, korporazioaren %100aren jabe izatera pasa zen. Kapital jabetzari dagokionez, haren partea ez da bera enpresa guztietan, haietako askotan langile talde handi batek partaidetza duelako kapitalean.
Elgoibarko Geminis eta Itziarko Gurutzpe, batuta
Orain, Geminis enpresa taldera batuta, lehendik taldean dagoen Itziarko Gurutzpe enpresarekin bat egitea da operazioaren helburua, "talde indartsua sortu eta nazioartean lehiatu ahal izateko", erosleen berbetan. Eremu aeroespazialean eta energia eta tren alorrentzat egiten dute lan. Bi enpresak dira erreferenteak tornu horizontalen fabrikazioan, eta ekoizpenaren % 95 atzerrian saltzen dute. Orain, lehiakide izateari laga eta aliatuak izango dira, bakoitzak autonomia osoz lan egingo duela zehaztu badute ere.
Bat-egitearekin, urtean 70 milioi euro fakturatzea espero dute, eta datozen ekitaldietan % 15 haztea. Halaber, bi enpresek egun dituzten 400 lanpostuak -zuzenak zein zeharkakoak- mantendu nahi dituzte.
Izen aldaketak ia 80 urteko ibilbidean
Geminis enpresa Elgoibarren sortu zuten 1957an, tornu horizontalak egiteko. 1979an, eskuzko aginteak alde batera laga eta zenbakizko kontroleko estreinako tornua egin zuten, mugarria izan zena enpresaren ibilbidean. Gero, 2002an, Goratu izeneko sinadura eratu zenean, egungo lantegia gaitu zuten, fresatzeko makina eta tornuetan espezializatuz. Hurrengo mugarria 2010ean izan zen, prozesu anitzeko makinak sortzen hasi zirenean.
2016an trenbiderako makinak garatzen hasi ziren, eta 2019an produktu-gama berria, GTi, diseinatzen eta fabrikatzen hasi ziren, zeina "diseinu-jauzi oso garrantzitsua" izan zen enpresako arduradunen berbetan. 2019an, hain zuzen ere, Geminis izena berreskuratu zuten, Maher Holding taldearen barruan.
