Lila Emakumeen Etxean ere iritsi dira ikasturte amaierara, eta festa giroan hartuko dituzte oporrak. Bihar ekainak 23, ikasturte amaierako jaia egingo dute, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte.
Udaberriko ikastaroen balorazioa egingo dute, batetik, eta, horrekin batera, hurrengoetarako proposamen berriak jasoko dituzte. Era berean, Berdintasun Sailean azken hilabeteotan egindako lanaren berri emango dute arduradunek. Hori guztia jai baten bueltan ondu dute, eta ekintzetan, ikastaroetan eta zerbitzuetan parte hartu izan duten emakumeak, irakasleak eta aholkularitza zerbitzuetako kideak gonbidatu dituzte; baita herriko emakumeak ere, oro har. Elkar hobeto ezagutzeko mahai jolas feministak eta beste hainbat dinamika prestatu dituzte. Hainbat ikastarotan eta ekintzatan urtean zehar egindako lanak ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Amaieran, mokadutxoa egingo dute. Gonbidapena irekia da, eta herritar guztiak daude gonbidatuta.