Felix Conde: "Bizitzako ametsa bete dut Debarroko pilota txapelketa irabazita"

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 25a

Pilotari elgoibartar batek irabazi du txapel kopuru handiena Debarroko Pilota Txapelketan -Sabin Txurrukak; 11 txapel-; alabaina, aspaldian txapelik eskuratu gabe zeuden herriko pilotariak. Felix Condek irauli du joera hori, Eibarko taldea ordezkatuz izan bada ere.

Soraluzen jokatu zituzten Debarroko 77. Pilota Txapelketako finalak, eta Aitor Atxotegi zen senior mailako txapelketa irabazteko faboritoa: etxean jokatzen zuelako, Aitor Mendizabal pilotari profesional ohiarekin bikote indartsua osatzen zuelako; eta, bereziki, garaipenerako errezeta ezagutzen duelako, aurrez hamar txapel eskuratu ditu Debarroko txapelketan. Hain justu, Sabin Txurruka pilotari elgoibartarraren marka berdintzeko aukera zuen Atxotegik, hamaikagarren txapela irabazi izan balu, baina txapela Eibarko taldea ordezkatu zuten Conderen eta Agirresaroberen burura joan zen.

Felix Condek estreinakoz irabazi du Debarroko txapelketa, eta "oso pozik eta harro" dago lortutako garaipenarekin, batik bat "final oso ona" jokatuta lortu zutelako garaipena, eta aurkarien maila handiagatik.

Condek pilota oso gustuko du txikitatik, auzoko pilotalekuan, Sigman, laupabost urterekin lehen pilotakadak jo zituenetik. 30 urte ditu orain eta pasioz bizi du pilota oraindik ere. Debarroko txapelketaz, pilotak herrian bizi duen egoeraz eta Sigmako frontoiaz berba egin dugu (ikus bideoan)

Debarroko Txapelketak 77 urte

Debarroko Pilota Txapelketa 1948an jokatu zuten lehenengoz, Aretxabaletan –lehenengo urteetan Eskoriatzak, Aretxabaletak eta Arrasatek antolatzen zuten, txandaka– eta izena ematen zuten pilotariek garbantzu platerkada izaten zuten El Burgales jatetxean. 1948ko torneoa Arrasateko Garitanok eta Uribarrenek irabazi zuten; finalean Aretxabaletako Elortondo eta Ezpeleta izan zituzten aurrean. 1980a ezkero, kategoria txikiek ere jokatzen dute.
Txapelketaren 75. urteurreneko finalak Elgoibarren jokatu zituzten 2024an, Kalegoen Plazako frontoian. Urtemuga probestuz, Sabino Txurruka pilotari elgoibartarra omentu zuten, Debarroko txapelketa gehienetan irabazi duen pilotaria izateagatik.

Debarroko Txapelketako dominatzaile nagusiak, 2024an, Elgoibarren: Aitor Atxotegi (10 txapel) eta Sabino Txurruka (11 txapel).