Lau filma emango dituzte plazan aire libreko zine emanaldien barruan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 28a

'Udara Kulturaz Blai' izeneko programa aurkeztu du Elgoibarko Udalak uztailerako. Kale antzerkia, zirkua eta aire libreko zine emanaldiekin osatu dute egitaraua.

Uztailean aire librean gozatzeko moduko kultur ekitaldiekin osatu dute 'Udara Kulturaz Blai' egitasmoa. Hona bakoitzaren inguruko xehetasunak:

Welcome & Sorry kale antzerkia, uztailaren 2an

Ganso & Cia konpainiako antzezleek William Shakespeare idazlearen Hamlet obra famatuaren egokitzapen bat antzeztuko dute Elgoibarren, keinu bidezko clown-komediaren bidez. Taldekoen berbetan, klasiko handien parodiatik eta haien inguruko estereotipoetatik antzerki-lanbidea erakusten duen kale antzerkia da Welcome & Sorry. Publiko guztientzat modukoa dela zehaztu dute. Kalegoen plazan antzeztuko dute uztailaren 2an, 19:30ean. Euria egingo balu Maalako parkean antzeztuko dute. 

Lumina Zirkua, uztailaren 15ean

Kolorez, argiz eta magiaz beteriko ikuskizuna emango du Lumina Zirkuak uztailaren 15ean, Kalegoen plazan (22:30). 

Aire libreko zinea

Aire zabaleko zine emanaldiei dagokionez, lau film programatu dituzte aurtengo sasoirako, horietako bi euskaraz. Saio guztiak hasiko dira 22:30ean, Kalegoen plazan. 

  • Uztailak 3, ostirala: "Presidentearen tarta" (+ 12 urte 105 minutu)
  • Uztailak 4, larunbata: "Buffalo Kids" (euskarazko bertsioan, publiko guztiarentzat, 81 min.)
  • Uztailak 17, ostirala: "Futbolisimos 2. Piraten altxorraren misterioa", (publiko guztientzat, 95 min.)
  • Uztailak 18, larunbata: "Mary Anning eta dinosauroen hondartza" (+ 7 urte, euskaraz, 72 min.)