Nahaste Borrastek, izenak adierazten duen moduan, hiru kirol diziplina uztartzen ditu, baina ez dira triatloietako ohiko kirolak, eta horrek berak egiten du berezi proba: txirrindularitza, zaku-eramatea eta atletismoa batzen ditu Nahaste Borrastek. 19:00etan irtengo dira partaideak, Kalegoen plazatik, bizikletaz, eta zazpi kilometro pasatxoko ibilbidea osatu beharko dute; bizikleta laga ondoren, 25 kiloko zakua lepoan hartuta –18 urtetik beherakoek eta emakumeek, 15 kilokoa– egin beharko dute alde zaharrean barrena, 400 metroko ibilbidean; eta, azkenik, korrika egin beharko dituzte 1,5 kilometro. Izen-ematea aurrez egin ez dutenek gaur bertan izango dute izena emateko aukera, Kalegoen plazan bertan.
Proba historikoa
Jose Maria Agirrebalzategi apaiza izan zen Nahaste Borraste probaren sustatzailea, eta 1947an antolatu zuen estreinakoz, 'Luistarrek' parte har zezaten. Elizak garai batean mutiko eta gazteentzat antolatzen zituen kongregazio edo taldeetako kideak ziren Luistarrak. Lehen proba hura ekainaren 21ean ospatzen den San Luis Egunaren hurrengo domekan jokatu zuten. Hurrengo urtean, 1948an, ez zen probarik egin, eta 1949an izan zuen azkena garai hartako Nahaste Borrastek, Agirrebalzategi herritik joan zenean, hain zuzen ere.
Felix Etxeberria "Parapan" izan zen lehen edizioan parte hartu zutenetariko bat. Txapeldunorde izan zen Jose Garitagoitia "Basueta"k irabazi zuen estreinako edizion eta irabazlea bigarrengoan. Hamazortzi bat lagunek parte hartu zutela gogora ekarri zuen BARRENen, Nahaste Borraste probaren 25. urteurrenaren harira, 2004an egin zioten elkarrizketan. "Orduan distantzia laburragoetan ibiltzen ginen eta entrenatu ere gauez. Egun argiz antxitxika erdi zoroek bakarrik egiten zuten. Apostua eta jokoa zen nagusi eta batak bestea zer moduz zebilen ikustea ez zen komeni. Askotan entrenatzen ikusiz gero, ondo zenbiltzan seinalea izaten zen. Ikusleak ere erruz batzen ziren, garai hartan halako ikuskizunak apenas zeuden-eta", zioen Parapanek. Irabazlearentzako lehen saria ere akorduan zeukan: 20 duro (100 peseta), eta 15 duro eta ogi barra bat bigarrenarentzat. Sasoi hartan 20 duro hiru eguneko beharraren ordainaren parekoa ei zen. "Ogia, berriz, un pan para 'Parapan' esanez eman zidaten, Estimatu nuen, sobran ez zegoen ezer-eta. Pedro Beristaini txuleta bat eman zioten azkena ailegatzearren", zioen elkarrizketan.
Zakuarekin trikimailuak eta iskanbila
Zakuarekin izan zituzten iskanbilak ere ondo gogoan zituen Parapanek. Zioenez, probaren lehen urtean hareaz betetako zakua erabili zen, baina hirugarren urtean tabloi edo ohol handi bat hasi ziren erabiltzen. "Kaletarrek baserritarrei irabaztea nahi, eta zakuari labana sartzen zieten. Plazara ailegatu orduko zakua hutsik egoten zen. Trikimailu horiek ez gertatzeko jarri zituen oholak Jose Maria apaizak, ari ez zegoen kutxilorik sartzerik, ez alajaina".
Palmaresa
1988an, Kimetz Elkarteak hartu zuen Nahaste Borraste antolatzeko ardura, eta, ordutik hona, haiek eutsi diote probari. 1988ko lasterketa hartan, bi tolosar izan ziren azkarrenak, Amundarain abizenekoak biak. Javier Alonso Basalo izan zen sailkapeneko lehen herritarra. Hurrengo urtetik aurrera, herritarrek bakarrik parte har zezatela erabaki zuten. 1949ko edizioa irabazi zuen Felix Etxeberriak ere hartu zuen parte 1988koan, 65 urte zituela.
Martin Domingezek 1993an irabazi zuen bere aurreneko Nahaste Borraste, eta gero, beste bost alditan izan zen azkarrena. Dominguez izan zen sasoi hartan probako dominatzaile nagusia, David Conderekin batera –lau irabazi zituen Condek–. Gerora, Iñigo Lariz izan da probako erregea. 2008an jantzi zuen Larizek txapela lehenengoz, eta, gaur-gaurkoz, hark ditu garaipen gehien; hain zuzen ere, hamar aldiz irabazi du proba.
Emakumezkoen presentzia txikia izan da beti Nahaste Borrasten, eta izen bat gailentzen da beste guztien gainetik: Ainhoa Lendinez. Hamabost txapel irabazi ditu hark. Gotzone Aierdik, bestalde, lau aldiz jantzi du irabazlearen txapela.



