CEX saria jaso du Elgoibarko HRE Automation enpresak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 26a

Palma de Mallorcako CaixaForumen egin zuten CEX Sariak banatzeko ekitaldia. Arg: Govern de les Illes Balears.

Bikaintasuna sustatzen duten zentroen Espainiako Elkartea da CEX (Asociación de Centros Promotores de la Excelencia), hamabi autonomia-erkidegotako erakunde publiko eta pribatuek osatutakoa; eta CEX Sariak banatzen dituzte urtero, enpresen eta erakundeen artean kudeaketa jardunbide egokiak sustatzeko. Aurtengoa Elgoibarko HRE Automation enpresari eman diote. 

HRE Automation enpresak EUSKALITen Jardunbide Egokien Saria jaso zuen martxoan, eta sari hari esker parte hartu ahal izan zuen CEX Sarietan. Saria jasotzeko hautagaiek antolatzaileek proposatutako gai baten inguruan garatutako proiektua aurkeztu behar zuten lehiaketara. Aurtengo gaiak izan dira belaunaldien arteko erreleboa eta ezagutzaren transferentzia erakundeetan. Horiek aintzat hartuta, Elgoibarko enpresak Transfer K izeneko proiektua aurkeztu zuen.

Antolatzaileek sei proiektu hautatu zituzten finalerako, Espainiar estatuko hainbat enpresek aurkeztutakoak, honakoek: Ascensores Tresa (Asturias), Inoxpaser (Murtzia), Panel Sandwich Group (Aragoi), Repuestos Sáenz (Gaztela eta Leon) eta Sociedad Cooperativa de Iniciativa Social y Formación Ocupacional Jovent (Balearrak). Horien artetik aukeratu zuten HRE Automation enpresaren Transfer K egitasmoa. 

Saritu duten Trasfer K proiektuak belaunaldien arteko erreleboa kudeatzeko eredu oso bat proposatzen du. Era horretan, ziurtatu nahi dute ez dela bidean galduko alorreko adituek urteetan pilatutako ezagutza, kasu konkretu honetan hidraulikan espezializatutako ETE industrial batean pilatutako ezagutzari nahi diote jarraipena eman. Proiektua 2022an hasi zuten mantentze-lanen eremuan (SAT), non ezagutza kritikoaren zati handi bat (diagnostikoak, hutsean jartzea eta prebentzio-planak) senior profila zuten beharginetan kontzentratuta zegoen. Hortik abiatuta, jardunbide bat egituratu zuten, osagaiei, huts egiteko moduei, sintomei, alarmei eta jarduteko gomendioei erreparatuta. "Sistema horrek aukera ematen du pertsona jakin batzuekiko mendekotasuna murrizteko, teknikari berrien prestakuntza bizkortzeko eta ezagutza sistematikoki partekatzen eta transmititzen duen erakunde bat bultzatzeko", azaldu dute saritutako programaz.

HRE Automation

1982an sortu zuten HRE Automation enpresa, Elgoibarren. Ibaitarte industrialdean kokatuta dago. Fluidoen automatizazioan, oleohidraulikan eta lubrifikazio industrialeko sistemetan espezializatutako enpresa da. Neurrira egindako ingeniaritzara, berrikuntzara eta mantentze-lan aurreratuetara bideratuta dago, eta ezagutza propioa eta nazioarteko aliantza estrategikoak uztartzen ditu. 25 pertsonako talde batekin eta bost milioi euroko fakturazioarekin, balio-kate osoa hartzen du: ingeniaritza, ekoizpena, muntaia, martxan jartzea, retrofit, mantentzea eta gaitasun teknikoa.
Jasangarritasunaren eta digitalizazioaren aldeko apostua egin dute azken urteetan, eta irtenbide berritzaileak garatu dituztela nabarmendu dute, hala nola BeCold (mekanizazio kriogenikoa), energia aurrezteko sistemak eta mantentze-zerbitzu aditu eta digitalak (MANEX). Nazioarteko presentzia du, 2.300 bezero baino gehiago eta jarduera 25 herrialde baino gehiagotan.

Udal agintarien bisita eta aitortza

Elgoibarko Udaleko ordezkariak bisitan izan dira HRE Automation enpresan, jaso berri duen CEX 2026 Sariaren dela-eta.
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak adierazi duenez, HRE Automationek lortutako aintzatespenak enpresak urteak daramatzan lan-ildo estrategiko bat balioesten du: "ezagutza teknikoa eta pertsonen esperientzia kultura partekatu, etengabeko ikaskuntza eta etorkizunerako gaitasun bihurtzea". Gurrutxagak gaineratu duenez, enpresaren ikuspegian, benetako berrikuntza ez da soilik teknologia txertatzea, baizik eta ezagutza jariatzea, eboluzionatzea eta erakundearen barruan geratzea". HRE Automation Elgoibarko industria-ehunaren "erreferentziazko izenetako bat" dela azpimarratu du alkateak, eta bisitaren helburuetako bat izan dela darabilten kudeaketa-eredua eta ezagutza partekatuaren aldeko apustua bertatik-bertara ezagutzea.

Elgoibarko Udaleko ordezkariak HRE Automation enpresan. Arg: Elgoibarko Udala.