Udalerrian emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzen nabarmendu diren pertsonek zein erakundeek egindako lana saritzen du Lila Sariak, eta Elgoibarko bizitza sozial, hezitzaile, politiko, ekonomiko eta kulturalean zein kirol arlokoan egindako ahaleginak nabarmentzen dira.
Edozein norbanakok zein erakundek aurkeztu ditzake hautagaiak, labur.eus/lilasaria2026 estekaren bidez edo Aita Agirreko sarreran dagoen hautetsontzian utzita.
Lehen Lila Saria Sanlo Eskubaloi Taldeak jaso zuen, emakumeen kirola sustatzeko egindako lanagatik; bigarrena Itziar Ajuria Elgoibarko Ikastolako lehen andereñoarentzat izan zen; eta hirugarrena Haizea emakume taldeak jaso zuen, herriko emakumeen bizitzetan duen eraginarengatik. Iazko saria, bestalde, Jasone Osoro idazlearentzat izan zen, haren ibilbide pertsonal eta profesionalean feminismoaren alde egindako lanagatik. Irailaren 17an banatuko dituzte sariak.