Mintxetako igerileku txikiko zorua egoera onean dagoen egiaztatzeko azterketa teknikoa egin du Udalak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 8a

Azterketa teknikoa egiten (ezk) eta zauriak salatu dituen erabiltzaile baten irudia.

Umeak igerilekutik zauriekin eta mozketekin irteten zirela kexatu dira Mintxetako umeentzako igerilekuko hainbat erabiltzaile. Horiek igerilekuaren zoruaren egoerari buruz adierazitako kezkari erantzun bat emateko asmoarekin, azterketa tekniko bat agindu zuen Elgoibarko Udalak, eta emaitzen berri eman dute.

Udaletik zehaztu dutenez, Gikesa laborategiak egin du Mintxetako igerileku txikiaren azterketa teknikoa. Donostiako enpresa horrek materialen saiakuntzak eta kalitate-kontrolak egiten ditu eraikuntza, obra zibil eta ingurumen arloetan. Igerileku txikia urez hustu ostean egin zuten igerilekuaren azterketa teknikoa, eta analisi horrek eman duen emaitza honakoa izan da: "Igerilekuaren zoruak hirugarren motako azulejuaren estandarrak betetzen ditu. Alegia, zoruaren laztasuna normaltasun osoan dagoela baieztatu du". Udaletik azpimarratu dutenez, sakonera txikiko igerilekuetan era honetako azulejuek, hirugarren motakoek, bete behar dituzten parametroen barruan dago Mintxetako igerileku txikiko zoruaren laztasuna. Irrist ez egiteko jartzen dituzte era horretako azulejuak. 

Igerilekua ireki aurretik ere egin zuten "azterketa sakon bat", maiatzean, baina orduko hartan ere ez zutela ezer berezirik aurkitu jakinarazi dute Udaletik. 

Udalak azpimarra jarri du erabiltzaileen kexak modu tekniko eta objektiboan ebazteko jarraitu duten prozeduran, "herritarrei erantzun argi eta ziurra eskaintzeko", adierazi dutenez. Igerilekuez konfiantzaz gozatzera animatu dituzte herritarrak.

Gikesa enpresakoek Mintxetako igerileku txikiko zorua aztertzeko erabili dituzten tresnak. Arg: Elgoibarko Udala.