Martin Frantzisko Krutzelaegi Askarraga (Elgoibar, 1742- Mexiko, 1803) fraide frantziskotarraren inguruko bigarren liburua argitaratu du Alonso Hernandez Prado kontrabaxu-jotzaile eta ikertzaile mexikarrak -Fray Francisco Martín de Cruzelaeguí a través de archivos y bibliotecas en México y España, transcripción de sus composiciones- eta gaur arratsaldean Elgoibarren aurkeztuko du. Saio berezia izango da, aurkezpenaz batera, Krutzelaegik Mexikon bizi zen euskal komuniteari eskainita idatzi zuen Euskal Meza -Missa Biscayensis- interpretatuko baitute Alonso Hernandez berak eta haren emazte eta biolin-jole Myrna Esthela Barriosek, San Bartolome parrokiako abesbatzarekin batera. Pello Arrieta historialari elgoibartarrak egingo ditu atariko aurkezpenak, Martin Frantzisko Krutzelaegiren garai historikoa azaltzeko, eta ondoren, idazleak berak aurkeztuko du liburua, kontzertuari egiteko gero.
Kontrabaxu-jotzailea, irakaslea eta ikertzailea da Alonso Hernandez Prado. Ume-umetatik lotura estua izan du erlijio katolikoarekin, eta egun, konpositore historikoak ahanzturatik erreskatatzen aritzen da. Biografiak eta konpositoreen obren katalogoak idazten ditu, baina beste bat du egiteko nagusia: konpositore historiko horien obrak sistema modernora transkribatzea, jotzea eta grabatzea, ez daitezen paperetan bakarrik gelditu.
Krutzelaegiren ekarpena
Fraidea izan zen Krutzelaegi, baina ez zen fraide soila izan, frantziskotarren ordenako prelatu nagusia izan baitzen Mexikon, Elizarentzat gotzaina dena. Kargua aukera paregabea izan zitzaion musika sakratuko ekoizpen handia konposatzeko eta estreinatzeko. Alonso Hernandez ikertzailearen arabera, eliz otoitzak musikatzeko helburuarekin idatzi zituen bere lanak eta garrantzia handikoa izan ziren bera hil ondorengo urteetan ere.
Musikagintzan, autoritatzetzat hartu zuten Espainia Berrian -Espainiako inperioa osatzen zuen lurralde entitate bat izan zen, XVI. mendetik XIX. mendera garatu zena, konkistaren ondoren sortu zena eta Ipar Amerikako lurraldeak hartu zituena-. 1976an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide egin zen Krutzelaegi, Euskal Herrian ikerketaren eta irakaskuntzaren aitzindari izan zen elkartekoa, eta musikari titulua ere kultura-erakunde horri esker lortu zuen. Mexiko Hirian, San Fernando Kolegioko organista eta organo irakasle ere izan zen. Krutzelaegik musika sakroa sortu zuen, Galante estilokoa, eta obra guztiak latinez idatzi zituen. Alonsoren esanetan badute denek, baina, bereizgarri bat: koro bikoitzerako daudela idatzita. "XVIII. mendeko estereofonia sortzeko baliabide bat da hori, ez berak sortua, Klazisismoan erabiltzen zutelako, baina bai berak maisuki erabili zuena. Biolinak, baxua, oboea, tronpeta eta kornoa inplikatzen dituzte bere obra guztiek eta bereziki zailak dira biolinarekin jotzeko"