Musika, argiak, oihalak, trapezistak, clown-a... elementu guzti horiekin bilakatu zuten zirku Kalegoen plaza. Hasarre iritsi zen clown-a plazara, amorratuta, baina poliki-poliki eta zirkuko protagonistei esker, sentimendu horiek aldatzea lortu zuen. Argi bolekin irudikatu zituzten sentimenduak eta oroitzapenak. Bizipen positiboekin bete zuen clown-ak maleta, eta pozik agurtu zen Kalegoen plazatik.
Aitor Guisasola elgoibartarrak bete zuen clown papera, eta herritarrek bikain hartu zuten bere herrian. Elur Arrieta zegoen perkusioan, eta urteetan Elgoibarren bizi den Iraide Sarria, biolan.
Zuzeneko musika, argiztapen berezia eta zirku akrobaziak uztartu zituzten. Gogotik gozatu zuten ikusleek, eta tarteka ikusleak eurak ere bilakatu ziren zirkuko partaide.
Lumina ikuskizuna Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten udaberrian, eta atzokoa izan zen kalean egiten zuten estreinako aldia. Aurreikuspenik onenak bete ziren, eta Munduko Futbol Txapelketak ere ez zuen ikuskizuna zapuztu. Jende asko batu zen Kalegoen plazan, eta ikusle bat baino gehiago, hunkituta etxeratu zen.