Ariznabarretak azaldu duenez, aurten Enara azpizuri (Delichon urbicum) ugari ikus daitezke Elgoibarko kaleetan eta baserri inguruetan, izan ere, ingurune urbanoari zein landatarrari estuki lotutako espezia baita. Txori nekaezin horiei Arregitorren eta Basarten hartutako irudiekin osatu du bideoa, hain justu maiatza bukaeratik uztailaren erdialdera hartutako irudiekin. Enarak txori oso lagungarriak direla dio, ehunka intsektu hegalari jaten baitituzte egun bakar batean, are gehiago txitak elikatzen dihardutenean. Enara heldu batek 13 zentimetroko luzera du eta 20 gramo pisatzen ditu, baina gai da urte batean 20 bat kilo intsektu jateko.
Enarek Afrika hegoaldean ematen dute negua, baina udaberrian bueltatzen dira Euskal Herrira, ugaltzera. "Udaran hemen ikusi ahal izango ditugu, baina udazken hasieran Afrikara migratuko dute". Babestutako espeziea dira, eta bioadierazle bikainak. Enara arruntak (Hirundo rustica) ez bezala, orban zuria dauka buztan gainean eta hortik datorzkio euskaraz jasotzen dituen izenak, beti ere zuriune horrekin lotutakoak: azpizuria, ipurzuria, buztanzuria,... Elgoibarren eta Eibarren ernara ipurzurixa deitzen diogu. (euskaraz dituen izen guztiak txoriak.eus-en)
Giza eraikuntzetan kumatzeko ohitura dute enarek, habia gure teilatupeetan eraikiz. "Batez ere lokatza erabiltzen dute mokoz-moko ekarria, eta barrualdea belar lumatxo edo landare-zatiekin estaltzen dute. Arrautzak errun eta hamabost bat egun ingurura jaiotzen dira txitak. Gehienetan emeak inkubatzen ditu, baina zaintzan biek parte hartzen dute. Habian normalean hilabete inguru egoten dira hegan egiten hasi aurretik. Habia utzi ondoren uda amaietan aldera askok Afrikako migrazioa prestatzen dute", azaldu du Ariznabarretak.
Talde haundietan ibiltzen direnez habi asko egiten dituzte toki berean. Habiak apurtzea debekatua dago legez.
Enara espezie eta populazio gehienek arazoak dituzte azkenaldian, eta sekulako gainbehera neurtu da azken bizpahiru hamarkadetan. Horrela zela egiaztatu zuen Asier Sarasua txorizale eibartarrak ere, enaren populazioa neurtzeko duela urte batzuk egin zuen neurketan. Arrazoien berri ere eman zuen Eibar.org-n duen Eibartik blogean.
