- Bartzelona eta Madril konkistatu dituzue, eta sanbartolomeetan Elgoibar konkistatzera etorriko zarete. Plaza gutxi batzuek egingo dituzue, eta horietako bat da gurea. Zer eskainiko diguzue?
Bi urte ondoren, plazetara itzultzeko gogo handia genuen. Azkenean, hor hasi zen ETS,
eta hor sentitzen gara etxean. Uda honetarako ikuskizun erabat berria prestatu dugu,
Konkista diskoa aurkezteko, baina, aldi berean, taldearen historian ezinbestekoak izan
diren kantuak ere ahaztu gabe. Ekoizpena, eszenografia eta ikuskizunaren kontzeptua
berritu ditugu, eta Elgoibarrekin berriro topo egiteko irrikaz gaude.
- Ez da gurera zatozten lehen aldia. Zer oroitzapen dituzu Elgoibarko lehen kontzertu hartatik?
Oroitzapen zoragarria daukagu. Plaza bete beteta gogoratzen dut, bero handia egiten zuen, baina batez ere publikoarekin sortu zen lotura hura dut gogoan. Horregatik egiten zigun hainbesteko ilusioa aurten berriro itzultzeak.
- Areto handiak, estadioak bete dituzue… Zer duzue nahiago, herriko plazetan aritzea
ala areto handietan?
Egia esan, ezingo genuke aukeratu. Plazak gure nortasunaren parte dira; hor hazi gara, eta publikoarekiko gertutasun berezia dute. Baina, aldi berean, areto handiek aukera eman digute askoz ere ikuskizun handiagoak sortzeko eta erakusteko euskaraz ere formatu handiko proiektuak egin daitezkeela. Bi munduek dute beren magia.
- Ahaztu al zaizu inoiz abestiren baten letra kontzerturen batean? Nola gainditzen da
momentu hori?
Bai, noski. Batzuetan hain zaude kontzertuaren barruan eta publikoarekin konektatuta, non bat-batean letra burutik joaten zaizun. Baina momentu horietan gertatzen da politena: jendeak kanta hasieratik bukaerara abesten jarraitzen du, eta azkenean zu zara haiekin bat egiten duena. Hor konturatzen zara zuzeneko batek ez duela perfekzioa bilatzen; egia eta emozioa baizik.
- Kontzertu batean falta ezin den kanta?
Zorionez, urte hauen guztien ondoren baditugu jendeak ezinbestekotzat dituen hainbat kanta. Horrek esan nahi du kantu horiek jendearen bizitzaren parte bihurtu direla. Baina bira hau gehien ordezkatzen duen abestia aukeratu beharko banu, KONKISTA esango nuke. Azken hilabeteetan indarra hartzen joan da, eta gaur egun zuzenekoetako unerik berezienetako bat da.
- Zer sentitzen duzu publiko osoa zure oinetan, zuk esandakoa egiten, abesten
ikustean? sentsazio hori sekulakoa izango dela pentsatu izan dut beti.
Nik ez dut esango publikoa gure oinetan dagoenik; nahiago dut esatea gurekin dagoela. ETSen kontzertu batean energia ez da oholtzatik bakarrik sortzen, bi aldeetatik sortzen da. Milaka pertsona zure kantak bihotzez abesten ikustea sekulako oparia da, batez ere konturatzen zarenean kanta horiek askoren bizitzako une garrantzitsuetan lagundu dituztela.
- Negarrez ere ikusi izan zaitugu kontzerturen batean, hunkituta. Nola bizi duzu hau
guztia? Nola eramaten duzu famatu izatearen kontua?
Urte askotan, hain zentratuta geunden hobetzean, ia ahaztu egin zitzaigula gozatzea. Denborarekin kontzertu bakoitza askoz gehiago bizitzen eta hunkitzen ikasi dugu. Musikak aldartea segundotan aldatzeko gaitasuna du, eta, zure aurrean hori bera gertatzen dela ikusten duzunean, ezinezkoa da ez hunkitzea. Ospeari dagokionez, hogei urte baino gehiagoz pixkanaka hazteko zortea izan dugu. Horrek aukera eman digu beti oinak lurrean edukitzeko eta etapa bakoitza naturaltasunez bizitzeko.
- Hunkitzeaz ari garela, “Abuela maitea” edo “Eutsi eskutik” kantak benetan
hunkigarriak dira. Kanta horiei esker bizirik mantentzen dituzu amona eta anaia?
Nik uste dut musika bizitza gozatzeko dagoela, baina baita gureak gogoratzeko ere. Azken finean, gaur garena gure inguruan izan ditugun pertsonei esker da. Haiek erakutsi digute bizitzen, maitatzen eta mundua ikusten. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua dela haiei omenaldi txiki bat egitea. Nire kasuan, asko eskertzen dut hainbeste maite izan ditudan pertsonak kantuen bidez gogoratzeko aukera izatea.
- Gaur egun denok ezagutzen dugu ETS, baina egin dezagun atzera. Kontatuko diguzu
nola hasi zenuten ETSren ibilbidea? Nondik datorkio taldeari En Tol Sarmiento izena?
ETS 2005ean sortu zen, hiru lagunen artean. Ez genuen ia musika ezagutzarik, eta helburu bakarra genuen: asteburuetan ondo pasatzea. Urte askotan Arabar Errioxan zehar ibili ginen kontzertuz kontzertu, poliki-poliki ikasten eta hazten. Agian horregatik baloratzen dugu hainbeste gaur egun bizitzen ari garen guztia. En Tol Sarmiento izena gure sustraiekin lotuta dago. ‘Sarmiento’-a, xirmendua euskaraz, mahatsaren adarra da, gure inguruan asko erabiltzen den hitza. Modu honetan, nolabait, gure lurra ere taldearen izenean eramaten dugu.
- Ikasketaz ingeniaria zara, eta ofizioz, musikaria. Nolatan hartu zenuen ingeniaritza baztertu eta musikaz bizitzeko erabakia?
Momentu batean ezinezkoa egin zitzaidan ingeniaritza eta musika batera uztartzea. Erabaki oso zaila izan zen, gustuko nuen lanbide bat atzean uztea baitzen. Baina barruan sentitzen nuen saiatu egin behar nuela; bestela, beti geratuko zitzaidan arantza hori. Orduan erabaki genuen proiektua benetan profesionalizatzea eta behar zuen denbora guztia eskaintzea. Gaur atzera begiratuta, uste dut hartu dudan erabakirik onenetakoa izan dela.
- Ingeniaritzak laguntzen al dizu musikari ofizioan? Kantuak egiteak ingeniaritzarekin
ba al du zerikusirik?
Bai, asko. Ingeniaritzak lan egiteko modu bat eman dit: antolakuntza, diziplina eta profesionaltasuna. Azkenean, ETS bezalako proiektu batean musika egiteaz gain, taldeak koordinatu, erabakiak hartu eta proiektu oso bat kudeatu behar da. Hala ere, argi daukat zergatik nagoen hemen. Gehien mugitzen nauena konposatzea da. Hor aurkitzen dut nire lekua, hor konektatzen dut benetan neure buruarekin, eta hor sentitzen dut musikak zentzua hartzen duela niretzat.

- Nola aldatu da ETS urte hauetan guztietan? Musikari dagokionean aldaketa
nabarmena igarri dugu Konkista diskoan.
Hasieratik argi izan dugu ikasten eta eboluzionatzen jarraitu nahi genuela. Ez dugu inoiz iraganetik bizitzeko beharrik sentitu. Sormen askatasun osoa dugu orain, eta horrek gustatzen zaizkigun estilo desberdinak probatzeko aukera ematen digu, betiere gure nortasuna galdu gabe. Konkista diskoan aldaketa hori agian nabarmenago ikusten da. Guretzat disko bakoitza erronka berri bat da, eta beti saiatzen gara jendeari aurretik egin ez dugun zerbait eskaintzen.
- Gaztelaniaz abesten hasi zineten. Noiz eta zergatik erabaki zenuten euskarara jauzi egitea?
Hasieran gaztelaniaz hasi ginen kantatzen gure artean erabiltzen genuen hizkuntza zelako. Baina pixkanaka, entzuten genuen musikak eta geneuzkan kezka kulturalek euskarara hurbildu gintuzten. Gainera, Arabar Errioxako bezalako eremu batean bizi izateak are argiago erakutsi zigun euskarak behar zuela presentzia. Hizkuntza bat baino gehiago dela sentitzen dugu; belaunaldiz belaunaldi jaso dugun altxor bat da. Eta aldaketa ere horrela etorri zen: modu naturalean. Urte batzuk bi hizkuntzak uztartzen eman genituen, eta azkenean euskaraz bakarrik kantatzea erabaki genuen.
- Izatez errioxarrak dira taldekide gehienak, eta euskaraz abesten duzue. Zer da zuretzat euskara?
Niretzat euskara hizkuntza bat baino askoz gehiago da. Mundua ulertzeko modu bat da, eta nire nortasunaren zati garrantzitsu bat ere bai. Euskarari esker komunitate baten parte sentitu naiz, eta aukera eman dit nire emozioak hizkuntza berezi batean adierazteko. Gure musikaren bidez norbait euskarara hurbiltzen bada edo jakin-mina pizten bazaio, guretzat hori jada sekulako garaipena da.
- Zer sentitu zenuen Madril eta Bartzelona euskaraz dantzan eta kantuan jartzean?
Nola bizi izan duzue esperientzia hori?
Musikatik harago doan esperientzia izan zen. Ez genuen kontzertu bat bakarrik eramaten; gure kulturaren zati bat eramaten genuen. Ikustea Euskal Herriko jendea eta euskara ulertzen ez zuen jendea batera hunkitzen zela benetan ahaztezina izan zen. Une horretan konturatu ginen
musikak zubiak eraikitzeko duen indarraz, eta gu zubi horren parte txiki bat izatea pribilegio handia izan zen.
- Uste zenuen hasiera hartan honaino iritsiko zinetenik?
Egia esan, ez. Inoiz ez gara helburu jakin batera iristearekin obsesionatu. Beti pentsatu dugu hurrengo kantan, hurrengo kontzertuan edo hurrengo pausoa ahalik eta ondoen ematean.
Atzera begiratuta, uste dut hori izan dela gure indarguneetako bat: etorkizunarekin amets egitea, baina beti oraina ondo egitean zentratuta.
- ETSk goia jo duela esango zenuke?
Urte asko daramatzagu pentsatzen agian sabaia jo dugula, eta beti agertzen da erronka edo aukera berri bat. Ez dakigu noraino iritsiko den ETS, eta egia esan, ez gaitu gehiegi kezkatzen.
Garrantzitsuena ilusioari eustea da eta musikaz gozatzen jarraitzea.
- Datorren urtean Etxean joko duzue, Buesan. Hiru kontzertu, eta hirurak beteta. Sold
out. Izugarria, ezta?
Beti izan dugu gure etxean ikuskizun berezi bat egiteko ilusioa. Araban jotzea beti da berezia guretzat, eta oraingoan are gehiago, Etxean proiektua horretarako propio sortu dugulako.
Jendearen erantzunak espero genuena ere gainditu du. Hiru Buesa Arena beteta ikustea oraindik ere kostatzen zaigu sinestea. Bihotzez eskerrak eman besterik ezin dugu egin. Azken urteotan hirugarren aldiz halako konfiantza erakutsi digute, eta hori sekulako oparia da.
- Disko berririk izango al da Buesako kontzertuetarako?
Ez. Oraindik Konkista diskoa bizitzen ari gara, eta uste dugu disko batek bere bidea egin behar duela hurrengoari ekin aurretik. Baina Etxean ez da kontzertu arrunt bat izango. ETSen kantuez gain, beste diziplina artistiko batzuk, gonbidatu bereziak eta une horretarako bakarrik
sortutako proposamen eszenikoak izango dira. Buesara sartzen den orok esperientzia bakar bat bizitzea nahi dugu. Eta sarrerarik lortu ez duenari, gure webguneko itxaron-zerrendan izena ematera animatuko nioke; aurrerago aukera berriren bat zabalduko baitugu.

