Nola animatu zara Euskarabenturan izena ematera?
Iazko edizioan bi lagunek hartu zuten parte. Oso ondo hitz egin zidaten espedizioari buruz, eta informazio bila hasi nintzen. Interesgarria iruditu zitzaidan, eta, nire balioekin bat zetorrenez, probatzea erabaki nuen.
Aukeratua izateko lan bat aurkeztu behar izaten da. Zeri buruzkoa egin zenuen?
Hiru gai zeuden aukeran, eta nik euskalduntasuna zer den azaltzea erabaki nuen. Bederatzi bertsotan egin nuen lana.
Eta zer da euskalduntasuna?
Euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko nahia izatea da, nire ustez, euskalduntasuna; hizkuntzarekiko eta kulturarekiko maitasun moduko bat izatea. Tamalez, gaur egun oraindik zaila da hori zona batzuetan.
Ni euskaraz bizi naiz. Familia erdia Zaragozakoa daukat, baina, hala ere, ahal dudan guztietan euskaraz egiten dut, bai senideekin baita lagunekin ere. Abentura honek erakutsi dit Euskal Herriko gazte asko ezin direla euskaraz bizi.
Zer eman dizu espedizioak bi asteotan?
Hainbat gairi buruzko informazioa jaso dugu, eta Euskal Herriak bizi duen egoera linguistikoa ezagutzeko aukera ere eman dit. Ikusi dugu zein den egungo errealitatea, eta konturatu gara Euskal Herriko txoko askotan euskaraz bizitzeko zailtasun handiak dituztela. Horrekin jabetu naiz zein pribilegiatuak garen beste asko. Horrez gain, lagun asko egin ditut, Euskal Herriko leku askotakoak, eta euskalkiak ezagutzeko aukera izan dut. Nik elgoibartarrez egiten dut, eta asko harritu egiten dira asteko egunak bizkaitarrez esaten ditudanean; arraroa begitantzen zaie bi euskalki nahastea, baina ondo ulertzen didate. Niri Baztango euskarak eman dit atentzioa, eta desberdinena Iparraldekoa iruditu zait. Abentura oso aberatsa eta positiboa izaten ari da; izan ere, hona etorri garen guztiok lagun berriak egiteko asmoz etorri gara, sare euskalduna sortzeko, eta oso erraz egiten dira lagunak. Abentura oso gomendagarria da. Erdia egin dut, eta dagoeneko esan dezaket merezi izan duela; kristoren esperientzia da. Begiraleak ere oso jatorrak dira eta une oro saiatzen dira gu eroso egon gaitezen.
Hilabete irauten du abenturak. Azalduko diguzu zein den funtzionamendua?
Uztailaren 1ean hasi genuen abentura, Atharratzen, eta hilaren 31n amaituko dugu, Getxon. Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuko ditugu, hilabetean zehar. Etapa gehienak oinez egiten ditugu, eta
tarte batzuetan autobusez joaten gara. Etapak hogei bat kilometrokoak izaten dira. Hiru talde egiten dituzte, eta bakoitza erritmo batean joaten da. Polita izaten da herrietara iristen garen momentua. 130 gazte, kamiseta laranja jantzita, denok euskaraz... Iruñera sanferminetan iritsi ginen eta harrera polita egin ziguten. Gazte batzuk beren herrietatik ere pasatzen dira, eta hori polita izaten da. Debatik ere pasatuko gara, etxetik gertu. Agian, azalduko da etxekoren bat. Aurreko astean, familien eguna izan genuen, eta Gasteizen arratsaldea libre eman ziguten senideekin egoteko. Ondo egon zen.
Jzioquitarrak deitzen dizuete partaideei. Zer esan nahi du?
Euskara zaharretik datorren hitza da. Jzioqui dugu esamoldetik dator, lortuko dugu esan nahi du.
Eta, lortuko al dugu euskararen egoera hobetzea?
Espero dut baietz! Asmo horrekin etorri naiz ni hona. Horrelako ekimenak oso garrantzitsuak dira. Euskarak gazteak behar ditu, eta gazteentzako euskarazko abenturak beharrezkoak dira. Askotan, uste dut ez garela kontziente, ez dakigu euskarak zer egoera bizi duen, eta horretaz jabetzeko ezinbestekoak dira horrelakoak. Gure hizkuntza da euskara, eta, beraz, oso argi eduki behar dugu ez badugu erabiltzen galdu egingo dela. Alegia, denon artean sustatu behar dugu euskara.
Atharratzetik Iruñeara egin zuten tartearen bideo-kronika: (irudi gehiago euskarabentura.eus)
