Uztailaren 24an, barikuan, izango da jaialdia, 22:00etan, Maalako parkean. Hona parte hartuko duten hiru taldeen eta dantzatuko dituzten dantzen inguruko zertzeladak:
Txile
Txileko Tusuy Ballet talde nazionala izango da aurtengo gonbidatuetako bat; hain zuzen ere, Aricako talde artistiko bat da. 2020an sortu zen, eta Txileko eta Erdialdeko Amerikako iparraldeko tradizioak zabaltzen ditu, dantzen bitartez. Unibertsitateko ikasleek, irakasleek eta hainbat arlotako profesionalek osatzen dute nagusiki taldea, eta Txileko iparraldeko kultura-aberastasuna mundura proiektatzeko konpromisoak batzen ditu.
Guam Uhartea
Guam ohartea Ozeano Bareko mendebaldeko uharte bat da, Mikronesiako Marianetan kokatua eta Ameriketako Estatu Batuen mende dagoen lurralde ez-elkartua. Fernando Magallanesek aurkitu zuen, 1521ean, eta Espainiaren kolonia izan zen.
Inetnon Gefpago talde folklorikoa etorriko da Elgoibarrera. Arte eszenikoen bidez herentzia txamorrituarekiko ezagutza eta harrotasuna sustatzea du xede. Hori lortzeko, gazteak artista tradizionalen maisuekin elkarrekintzan aritzen dira, aurkezpen komunitarioak eta kultura-trukea egiten dute. Uharte osoan aurkezpenak egiten dituzte eta Guamek turismo eskaintza garrantzitsuetan eta munduko folklore jaialdietan parte hartzen du. Beste dantza asko koreografiatu izan dituzte, eta dantzetarako abesti asko idatzi izan dituzte baita ere. Hiru aldi historikoren bueltan garatu dituzte taldearen dantzak: Antzinako Aldia, Espainiako Aldi Koloniala eta Aldi Garaikidea. Ozeano Bareko Arteen Jaialdiak eragin nabarmena izan du bereziki Antzinaroko dantzaren garapenean. Hori guztia, beren herrialdeko doinu eta kolorez jantzita ekarriko dute.
Euskal Herria
Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldeko partaideek Euskal Herrian zehar ikus daitezkeen dantzak eskainiko dituzte Folklore Jaialdian. Aurtengo jaialdian, Bizkaian zehar dantzatzen diren hainbat pieza taularatuko dituzte. Durangaldeko, Markina-Xemeingo zein Lanestosako dantzak erakutsiko dituzte Elgoibarko dantzariek.
Iazko jaialdian San Blaseko soka-dantzen eta Otsagabiako dantzen erakustaldia taularatu zuten Haritz taldekoek:
