Koska musika taldearen lehen diskoak 50 urte bete ditu

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko uztailaren 23a

Koska taldeko kideak.

Elgoibarko Koska taldeak 1976ko uztailean kaleratu zuen estreinako diskoa, Koska izenburupean. Mende erdia bete du dagoeneko. 

Hilabete honetan bete ditu 50 urte Koska taldearen estreinako lanak. IZ ekoiztetxearekin kaleratu zuten euskal rock mugimenduan aitzindari izan zen Koska izeneko diskoa. 

Bost musikari gaztek osatu zuten taldea; denak elgoibartarrak: Alfonso Gulló, Gabi Agirregomezkorta, Txerra Gurrutxaga, Endika Iriondo eta Mitxi Diego. Teknikari lanetan jarduten zuen Ignacio Garate Natxok eta taldearen ordezkari lanetan Alex Garate aritzen zen. 

Alfonso Guillok azaldu ditu Badok atarian musika ibilbidean emandako lehen pausoak nola izan ziren: "Zaletasun bereko 4-5 lagun elkartzen ginen. 2. eskuko Jomadi eta Hoffner gitarrak eta Ritmo anplifikagailu txikia etxeko pagak bilduz erosi genituen eta bateria etxeko aulki zahar bat joz, handik edo hemendik jiratzen genituen diskoetatik ahalik eta kopiarik onenak egiten genituen. Horiexek izan ziren gure lehen musika-ikasketak, autodidaktak". 

Expresion Sonora taldea sortu zen lehenengo Elgoibarren, eta ingelesezko kanta ezagunen bertsioak eskaintzen zituzten batez ere. Euskaraz kantatzea erabaki zutenean hartu zuen forma Koska taldeak. 

Kontzertu asko eman zituzten garai hartan, eta zurrunbilo hartan murgilduta zirela, bigarren disko bat ere argitaratu zuten 1979an, Xoxoa disketxearekin Bihozkadak izenburupean. 1985ean aldaketak izan ziren taldean, eta 1999 ingurura arte eutsi zioten Gabik eta Alfontsok taldeari. 

ALGUILLO &ALKIMISTAK 

Koska desegin zenean, taldekide bakoitzak bere bidea egin zuen, baina Gabi Agirregomezkorta eta Alfontso Guillók aktibo arraitzen dute musikalgintzan. Xut taldeko kide da Gabi, eta Guillók talde berria sortu zuen 2023an, Alguillo & Alkimistak izenekoa.

Alguillo & Alkimistak-en zuzeneko kontzertua istorio batzuen bilduma da; Hamaika istorio eta bat gehiago. "Istorio deitzen diot, osotasun bat delako, istorio bakoitza emozio baten gainean eraiki eta melodia eta letra elkarrekin egin direlako elkarri egokituz", adierazi gu Guillok.

2024ko udazkenean aurkeztu zuen taldea Elgoibarren, eta sanbartolomeetan berriz ikusteko aukera izango dugu. Abuztuaren 24an emango dute kontzertua, 20:00etan, Kalegoen plazan.