Usadioari segida eman diote Sargoaten bildutakoek

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 27a

1996an berreskuratu zuten Santiago Egunean Sargoaten erromeria ospatzeko ohitura, herriko hainbat eragilek elkarlanean: Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Izarrak, Morkaiko Mendizale Elkarteak eta Sallobente elkarteak.

Gaur egun Sallobente Elkarteak antolatzen du, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Mezarekin hasi zuten aurtengo ospakizuna, eta trikitilariek girotu zuten meza osteko zizka-mizka.

Erdi aroan bidegurutze eta hiri edo herrien arteko mugetan gurutzeak ipintzeko ohitura zuten kristauek, eta ohitura horri lotuta dago Sargoateren historia ere. Pello Arrieta historialariaren esanetan, 1946. urtea baino lehenago hasi ziren Sargoaten erromeria egiten, inguruko auzoentzat topagune egokia baitzen. "Bertan, Sallobente, Madariaga, Urruzuno, Elosua eta inguruko beste nekazal auzoetakoek ez ezik, Azkoitia eta Elgoibarko kaletar asko ere elkartzen ziren uztailaren 25ean, Santiago egunean. Gerora, urte batzuetan galdu egin zen".

Argazkiak: Mikel Askasibar / Elgoibarko Udala.