Morkaikuko gurutzea erretiratu egin du Udalak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko uztailaren 29a

Morkaikuko gurutzearen oinarria.

Elgoibarko Udalak Morkaikuko gurutzea erretiratu du, herritarren segurtasuna bermatzeko. 

Iazko udazkenean moztu zuten Morkaikuko gurutzea, eta ordutik han bertan egon da, botata. Elgoibarko Udalak gurutzearen goiko aldea kendu du orain, segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Orain artean Udalak balizatuta eduki du gurutzearen eremua, izan ere, egituraren egoera ezegonkorra zela adierazi dute Udaletik, eta inguru horretan adin guztietako mendizale asko ibiltzen da.  Lursailaren jabeak egindako eskaerari erantzunez, gurutzearen goiko zatia erretiratu dute, edozein arrisku ezabatzeko: "Udalaren lehentasuna uneoro erantzukizunez jokatzea eta pertsonen segurtasuna bermatzea izan da. Esku hartzea posible izan denean, arriskua zekarren elementua kendu da", adierazi dute arduradunek.

Bestalde, Udalak memoria historikoaren politika publikoekiko konpromisoari eusten diola adierazi du. Arlo horretan gaineratu du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin lankidetzan jarraituko duela, "gure udalerriaren historia errespetutik, bizikidetzatik eta balio demokratikoetatik ezagutu eta transmititu ahal izateko ekimenetan aurrera egiten jarraitzeko".


Elgoibarko Udalak legezkotasuna, administrazio-prozedurak eta pertsonen
segurtasuna errespetatzeko konpromisoa berretsi du. Era berean, gogorarazi du
ondasun edo espazio publiko edo pribatuen gaineko edozein jarduketa legez ezarritako bideetatik egin behar direla, eta inoiz ez alde bakarreko jarduketen bidez, dagozkion prozeduretatik kanpo.