Udako aisialdi eskaintzaren balorazio positiboa egin du Elgoibarko Udalak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko uztailaren 29a

Udako aisialdi eskaintzaren balorazio positiboa egin du Udalak. Aisia eskaintzan 458 haur eta nerabek hartu dute parte, eta Kirol kanpusean 195ek. 

Lau asteko aisialdi eskaintza egin du aurten Elgoibarko Udalak, eta orain eskaintza horren balorazioa egin dute. Udalak modu positiboan baloratu ditu bai Udalekuak eta Gaztelekuak izan duen jarduna, eta baita Kirol Kanpusarena ere. 

KIROL KANPUSA

Elgoibarko kirol kanpusak 2026ko edizioa positiboki itxi duela adierazi dute arduradunek. Lau astez, 195 haur eta gaztek hartu dute parte, 141 mutil eta 54 neska, LH1etik DBH4ra bitarteko adin-tartekoak.  

Guztira 30 kirol jarduera desberdin burutu dituzte, eta horiek hiru ingurune ezberdinetan garatu dira: Olaizaga kiroldegian, Mintxetako instalazioetan eta naturan. 

 

AISIALDI ESKAINTZA

Udal Ludotekak, Udal Gaztelekuak eta Atxutxiamaikak, Udalarekin lankidetzan, herriko txoko ezberdinak ezagutzeko, elkarbizitzarako eta gozatzeko aukera eskaini diete parte-hartzaileei, eta udaldiaren balorazioa oso positiboa izan dela adierazi dute arduradunek, bai parte-hartzaileen, bai hezitzaileen eta bai koordinazio-taldearen aldetik. Lau astetan zehar, 458 haur eta nerabek parte hartu dute Udal Ludotekaren, Udal Gaztelekuaren eta Atxutxiamaikak Udalarekin lankidetzan antolatutako eskaintzan. 


"Adin-tarte bakoitzari egokitutako proposamen anitzari esker, parte-hartzaileek herriko eta inguruko txoko ezberdinak ezagutu ahal izan dituzte, beste herrietako haurrekin harremanak sortu dituzte, elkarbizitza landu dute, talde lanean aritu dira, eta ikasi, sortu eta gozatu egin dute", adierazi dute.  

Elgoibarko Udalak eskerrak eman dizkie parte hartu duten haur eta nerabe guztiei, beren familiei eta programa posible egin duten hezitzaile eta koordinatzaile guztiei.