EDUKI BABESTUA

Ongizatearen Plaza ekimena irailaren 10 eta 11n egingo da Elgoibarren

Barrena

Elgoibar.

Gipuzkoako Foru Aldundiak programazio zabala antolatu du pertsonen ongizate integrala ardatz hartuta. Bi egunez, elikadura osasuntsua, ariketa fisikoa, pantailen erabilera, edota sorkuntzak eta industriak ongizatean duten eragina aztertuko dira, Kalegoen plazan.

Datorren ostegun eta ostiralean, irailak 10 eta 11, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Ongizatearen Plaza ekimena iritsiko da Elgoibarrera. Kalegoen plazan egongo da kokatuta plaza ibiltaria, eta bi egunez hainbat jarduera egingo dira, pertsonen ongizate integralari buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sortzeko helburuarekin. Jorratuko diren gaien artean daude ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua, nekazaritzaren etorkizuna, hizkuntza eta nortasuna, pantailen erabilera, gazteen ongizatea, eta sorkuntzak eta industriak eta lan munduak ongizatean duten eragina, besteak beste.

Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu du hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta solasaldi hauen bidez “plazaren erdigunean” kokatu nahi dela pertsonen ongizate integrala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “lehentasun nagusia” dena. “Ertz asko dituen errealitate berriak bizi ditugu, fenomeno eta arazo berriei aurre egin beharren gaude eta, horretarako, ezinbestekoa da gai guzti hauek modu ireki, konpartitu eta parte-hartzailean lantzea”. Zentzu horretan, elgoibartar guztiak gonbidatu ditu datorren astean Kalegoen plazan kokatuko den topagune honetan parte hartzera, “iritziak partekatu, entzun, gozatu eta ikasten jarraitzera”.      

Programa

Irailaren 10ean, osteguna, abiatuko da Ongizatearen Plazako programazioa Adinberriren eskutik. 10:00-11:30 bitartean, ariketa fisikoko saio ireki bat egingo da, Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak gidatuta, eta, ondoren, estimulazio kognitiboko tailer bat Naia Rosekin eta mindfulness terapia Raquel Rodriguezekin. Ondoren, Jakoba Errekondo agroekologian adituak elikadura arduratsu eta jasangarriaren gakoak partekatuko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztenek, Baserritar Mixto Profesionala eta Auspoa programetako hiru nekazari gazterekin batera. Besteak beste, belaunaldi berrien esperientziak, erronkak eta nekazaritzaren inguruko etorkizuneko ikuspegiak partekatuko dira.     

Arratsaldean, herrira iritsi berrien eta bertakoen begiradak elkartuko dira solasaldi batean, hizkuntza, nortasuna, integrazioa eta elkarbizitza ardatz hartuta, 17:30etatik 18:30tara. Jarraian, eta egunari amaiera emateko, barrearen eta umorearen bidez ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa egingo du Idoia Torregarai umoregileak. Ariketa praktiko eta parte hartzaileen bidez, estresa askatu, harremanak indartu eta egunerokoari ikuspegi positiboagoaz aurreko egiteko tresnak eskainiko dira.

Ostiralean, hilak 11, 10:00etatik 11:30era, gazteen ongizatea hartuko da mintzagai. Sare sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioaren hautua esaterako, hiperkonexioaren eraginak diren eztabaidatuko da. Gazteak izango dira euren ongizatean eragiten duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak. Jarraian, eta makina-erremintak Elgoibarren historia, ekonomia eta herri izaera markatu dituela kontuan izanik, industriak herriari zer ekarri dion, lan munduaren bilakaerak ongizatean izan duen eragina eta etorkizunera begira dituen erronkak aztertuko dira sektoreko langile, enpresa, ekintzaile eta prestakuntza munduko profesionalekin batera.

Amaitzeko, ostegun arratsaldeak hiru zati izango ditu. Lehenik, 17:00etatik aurrera, saio dinamiko bat egingo da Altxa Burua elkartearekin batera, ‘Pantailen aroan, erabilera osasungarria’ izenburupean. Haurren ongizate emozional, sozial eta fisikoan duen eraginagatik, saio dinamikoa izango da mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko, bereziki gurasoei zuzenduta.

18:30etatik 19:30tara, sorkuntzak ongizatean duen eraginaren inguruan hausnartuko da, diziplina eta ibilbide desberdinetako herriko sortzaileekin batera. Sorkuntza adierazteko, emozioak lantzeko eta konektatzeko tresna den heinean, sormen prozesuez eta arteak eguneroko bizitzan eskaintzen dituen aukeren inguruan hausnartuko da.

Bukatzeko, Mausitxa gazta dastaketa egingo da Lizagasar sagardoarekin lagunduta, herriko zaporeekin bi eguneko topaketari amaiera emateko.

Programa eta ordutegi osoa: HEMEN