Ehun dortsaletan jarri dute muga. Halere, online bakarrik egin daiteke izen ematea, eta irailaren 11 da izena eman ahal izango den azken eguna -probaren egunean ezingo da izenik eman-. Beharrezkoa da 14 urtetik gorakoa izatea eta federatua egotea. Interesatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte.
Erronka Txikian parte hartzeko, berriz, ez da mugarik egongo. 12 urtera arteko umeek har dezakete parte. Ez da proba lehiakorra izango eta partaide guztientzat egongo da oparia. 10:00etatik 11:00etara egin ahal izango da Erronka Txikirako izen ematea.
- 11.00etan hasiko da Lizagasar erronka eta 11:10ean irtengo dira Erronka Txikiko partaideak.
Sagarrondoak onenean
Mendi lasterketa berezia da Lizagasar erronka, Karakateren magalean, Azkue auzoan, kokatuta dagoen Lizagasar Sagartokiko sagastian jokatzen baita. Lizagasarren 2.300 sagasti daude, 60 sagasti sailetan banatuta; 30 aldapan gora eta beste 30 aldapan behera, eta horietan arituko dira antxitxika partehartzaileak 8 kilometroko ibilbidean. Desnibel positiboa 750 bat metrokoa izango da eta %35eko maldak gainditu beharko dituzte ibilbide gorabehereratsuan. "Aurten paisaia guztiz koloretsua aurkituko dugu, sagarrondoak distirarik handieneko unean baitaude, sagarrez beteta", azaldu dute antolazaileek.
Kirol lehia baino gehiago
Egun osorako egitaraua prestatu dute antolatzailek. 10:00etan irekiko dituzte Lizagasarreko ateak, eta baita txosnakoak ere. Kirol proba ikusteaz gainera, Lizagasar eta bere sagastiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute ikusleek. "Sagartokixan barrena askatasunez ibili ahal izango dute eta nahi duten lekua aukeratu erronkaz gozatzeko eta partaideak animatzeko". Musika ere izango du erronkak, Pires DJak girotuko baitu kirol-proba. 13:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, ezingo da Sagartokiko esparruaren barruan edo kanpoan aparkatu. Inguruko aparkalekuetan aparkatzeko gomendatu dute; Mintxetako aparkalekuan, adibidez.
Lizagasar Erronkaren hirugarren edizioan 28 lagunek hartu dute parte eta Iñigo Lariz eta Pilar Arriola izan ziren azkarrenak.
Lotura duten albisteak:
