Elgoibarko Udalak ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoa bideratzen du, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen gidaritzapean, eta Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan. Horren osagarri, Bertso Eskola jarri zuen martxan, eta dagoeneko zabaldu dute aurtengo ikasturterako izena emateko epea. LH4tik DBHra arteko umeek hartu dezakete parte. Taldeak osatuz gero, irailaren 28an izango da aurkezpen eguna, eta egun horretan adostuko dute guztien artean ikasturterako ordutegia. LHkoak 17:00etan bilduko dira, Aita Agirreko areto nagusian, eta DBHkoak, berriz, 15:30ean. Irakaslea Eneko Beretxinaga izango da. Bertsoarekin duen harremana transmisioarekin lotuta egon da, bereziki, bertso eskoletan, aisialdian eta hezkuntza arautuan. Besteak beste, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko batzordekide ere bada, eta hezkuntza arautuko irakasle.
Izena emateko epea irailaren 18an itxiko dute. Interesatuek Udaleko Euskara Sailera jo beharko dute: 943 74 43 66 edo euskara@elgoibar.eus. Ikasturtearen prezioa 50 euro da.