Zineak erakutsi duen Ameriketako Estatu Batuak jaso du Mikel Bastidak 'Anarene' argazki erakusketan

Asier Orbea Ostolaza

Mikel Bastida argazkilariak (Bilbo, 1982) betidanik izan ditu gustuko historia eta zinema, eta, hain zuzen, biak izan ditu inspirazio-iturri Anarene lan monografikorako. Argazki liburu bat eta erakusketa dira lan haren emaitzetako bi.

Ongarriren eskutik izango da erakusketa hori Elgoibarren ikusteko aukera, gaurtik irailaren 26ra arte –larunbata–. Astelehenetik zapatura egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era, Kultur Etxean. 

Liburuaren eta erakusketaren izenak, Ararene, AEBko Texas estatuan du jatorria, hango hiri baten izena baita. "Anarene benetako lekua da, edo behinola hala izandakoa. 1908an sortu zen, aurreko mendeko Texasko kokaleku txiki batetik abiatuta, eta XX. mendearen erdialdean ia erabat desagertu zen. Azken kolpea trenbideak bertatik igarotzeari utzi zionean jaso zuen, 1950eko hamarkadaren hasieran", dio Mikel Bastidak.
Peter Bogdanovich zinegileak Larry McMurtry idazlearen "The Last Picture Show" eleberria zinemara eraman zuenean -1971. urtean- ere ageri da Aranere hiria. Bogdanovichek zuri-beltzean ondu zuen maisulanak nerabe talde baten erretratua egiten du, 1950eko hamarkadaren hasieran adin nagusitasunera iritsi ahala, kultura zein ekonomia aldetik gainbeheran dagoen hiri batean. 

Erreferentzia zinematografiko horiek gogoan, Xabier Bastidak herrialdea zeharkatu zuen zinemak utzitako irudi eta istorioen bila, eta Aranere liburuan batean jaso zituen zortzi urtez egin zituen ibilera horietako aukeraketa. Bastidaren lanak modu poetikoan aztertzen du kontakizun zinematografikoek Ameriketako Estatu Batuetako paisaien eta errealitate fisikoen eraikuntzan izan duten eragin sakona. 

Alexander Paynek zuzendutako Nebraska filmean (2013) agertu zen Motela Rapid Cityn (Arg: Mikel Bastida)