240 lagunek hartu dute parte Elgoibarko mendi bizikleta martxan

Ainhoa Andonegi Alonso

Morkaikok antolatuta, Elgoibarko MTB egin dute gaur. Martxa txikia, motza eta luzea izan dituzte aukeran partaideek. 240 bat lagunek hartu dute parte. 

Hamar urteko etenaldiaren ondoren, Elgoibarko mendi bizikleta martxa berreskuratu du Morkaikok. Gaur egin dute proba, eta 240 lagun inguruk hartu dute parte. Mintxetan hasi eta bukatu da proba, eta partaideek hiru ibilbide izan dituzte aukeran: Martxa txikia egin dute etxeko txikienek familian, eta nagusiek beste bi ibilbide egin dituzte; motza batzuek eta luzea besteek. Kirola egiteko eguraldi ezinhobea egin du gaur, eta goizean goizetik txirrindulariz bete da Mintxetako aparkalekua. Antolatzaileak oso pozik geratu dira martxak izan duen partaidetzarekin, eta esan dutenez, partaideak ere gustura ibili dira. Ibilbideak oso politak bezain gogorrak izan direla aipatu diete. Antolakuntza aldetik ere txalotu egin dituzte, eta datorren urtean berriz ere antolatzeko gogoz geratu dira. Martxa osteko mokadutxoan ere jende asko geratu da, eta giro onean pasatu dute goiza.