Gaur hasiko dituzte Elgoibarko geltokiko trenbidea modernizatzeko lanak, eta hiru zatitan egingo dituzte, urte amaierara bitartean. ETS Euskal Trenbide Sareak 1.313.569,14 eurotan (BEZ barne) atera zituen lanok lizitaziora, eta CYCASA, S.A. enpresak eskuratu zuen.
- Lehenengo fasean, geltokiko II. bidea moztu eta berrituko dute. Lanok urriaren erdialdera arte iraupea aurreikusten du Euskal Trenbide Sarearen Mantentze Operatiboko Sailak.
- Bigarren fasean, I. eta III. bideak moztu eta berrituko dituzte, urtea amaitu arte iraungo duten lanetan.
- Hirugarren fasean, estazioko sarrera- eta irteera-kurbak gaueko mantentze-bandan berrituko dituzte. Bigarren faseko lanekin batera egingo dituzte.
Lanen eragina
Aipaturiko lanak, egunez egingo dituzten arren, noizean behin gauez ere arituko dira, 22:30etik 05:30era bitartean; Maala ingurutik hasi eta Santa Ana kale bukaerara arte. Era berean, trenbidea eraberritzeko egin behar dituzten lanak direla-eta, lehen fasean, erabiltzaileek geltokiko eraikinaren ondoan dagoen trenbideko 1. nasa erabili beharko dute, Bilborantz zein Donostiarantz joateko.
Zehaztu dutenez, trenbidea berritzeko lanen helburua da zaharkiturik dagoen egungo bideko armamentuaren ordez beste armamentu sendoago bat jartzea. "Hobekuntza horiei esker, lanak amaitutakoan, erosotasun eta segurtasun handiagoa izango dute trenak eta bidaiariek, eta geltokiaren inguruan zarata eta bibrazioak murriztuko dira", adierazi dute.
Euskal Trenbide Sareak 2022an ere egin zituen berritze lanak Elgoibarko geltokian. Geltokiko nasak eta markesina nagusia berritu zituzten, eta argiteria berria ere jarri zuten.
