Xabier Badiola eta Gailu izango dira Sotoko Hotsak jaialdiko gonbidatuak

Ainhoa Andonegi Alonso

Gailu taldeko kideak. Gailu.

Sototik arkupera izenburupean dator aurten Sinuöseren Sotoko Hotsak musika jaialdia. Kultur Etxeko sotoa izan du urteetan elkarteak bilgune, baina, merkatu plazako lanen ondorioz, kontzertuak Aita Agirreko arkupean izango dira aurten ere, iaz bezala. Barikuan, irailaren 18an, izango da emanaldia.

Bi izango dira aurtengo artista gonbidatuak: Xabier Badiola bakarlari eibartarrak emango dio jaiari hasiera, 19:00etan. Rock psikodeliko eta progresiboko hainbat taldetan aritu ondoren, bakarka dihardu azken urteotan, eta bakarkako bigarren lana argitaratu du berriki: Leiho ondoan xori bat. Gitarra eta ahotsa dira nagusi haren jardunean, eta, bereziki, folk estiloko musika egiten du.

Gailu taldearen zuzenekoa

Bakarlariaren ostean, Gailu musika taldeak hartuko du lekukoa oholtzan, eta oso bestelako doinuak aurkeztuko ditu. Hip-hopa, punka, elektronika eta rocka nahasten dituen Andoaingo musika taldea da. Luis Andre bideogileak eta Mikel Abrego musikariak sortu zuten taldea, 1997an.
Abiapuntua urte hartan trafikoa kudeatzeko Bilbon ezarritako kamera-sarea izan zen. Kamerek hartutako irudiekin 40 minutuko bideoa grabatu zuen Andrek, kontrolaren eta zaintzaren gaineko hausnarketa egiteko, eta Abregok musika jarri zion. Horren emaitza Kutxa beltza diskoa izan zen. Abregok 2021ean proiektua berpiztu zuen, Okene anaia eta Xabier Olazabal ‘Drake’ lagun hartuta.