Alzheimerrari buruzko hitzaldia emango dute Elgoibarren Gurutz Linazasoro neurologoak eta Maite Solas ikertzaileak

Asier Orbea Ostolaza

Elgoibarko EAJ-PNVk Alzheimer gaixotasunari buruzko hitzaldia antolatu du irailaren 21erako, hain justu Alzheimerraren Munduko Egunerako. Gaian adituak diren bi hizlari gonbidatu dituzte Alzheimerraz hitz argitan izenburu jarri dioten solasaldira: Gurutz Linazasoro neurologoa eta Maite Solas ikertzaile elgoibartarra.

Alzehimerraren nazioarteko egunaren harira antolatu duten solasaldiaren helburuak zein diren azaldu dituzte antolatzaileek, besteak beste, honakoak: gaixotasuna sakonago ezagutzea, haren inguruan dauden zalantzak argitzea eta oraindik ere gizartean errotuta dauden zenbait mito eta uste oker gainditzen laguntzea.

EAJk gogora ekarri duenez, Alzheimerra eta, oro har, gaixotasun neurodegeneratiboek gero eta presentzia handiagoa dute. "Gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonei ez ezik, familien, zaintzaileen eta ingurune osoaren egunerokoari ere eragiten diete. Horregatik, bereziki garrantzitsua da gai hau ezagutzatik, zientziatik eta normaltasunez lantzea: zer den Alzheimerra, nola ikertzen ari den, zer dakigun gaur egun, zer ez dakigun oraindik eta zein ideia oker dauden haren inguruan".

Era berean, nabarmendu dute, Gipuzkoa eta Euskadi jarduera zientifiko eta biosanitario handia duten lurraldeak direla, eta egunero ikertzaile eta osasun-profesional ugarik egiten dutela lan gaixotasunak hobeto ulertzeko, diagnostikoa eta tratamenduak hobetzeko eta pertsonen bizi-kalitatea handitzeko. Horixe du testuingurua EAJk Elgoibarren antolatu duen hitzaldiak: "zientzian eta osasunean gaurkotasun eta gizarte-interes handia duten gaiak herritarrengana modu hurbil eta ulergarrian eramatea".

Adituen ikuspegi osagarriak

Hitzaldiak bi profesionalen ikuspegi osagarriak uztartuko ditu.

  • Gurutz Linazasoro Cristobal (Zumarraga, 1959) neurologoa eta ikertzailea da, eta bere ibilbide profesionalaren zati handi bat gaixotasun neurodegeneratiboen azterketari eskaini dio, bereziki Parkinsonaren eta Alzheimerraren arloan. Ikerketa, jarduera klinikoa eta dibulgazio zientifikoa uztartu ditu bere ibilbidean, eta gaur egun Alzheimer eta Parkinson gaixotasunetarako terapia aurreratuen alorrean ere dihardu.
  • Maite Solas Zubiaurre (Elgoibar, 1983) berriz, Elgoibarko ikertzailea da eta Nafarroako Unibertsitateko Farmazia eta Nutrizio Fakultateko katedraduna. Bere ikerketa Alzheimer gaixotasunean gertatzen diren mekanismo biologikoetan zentratzen da, bereziki garunaren metabolismo energetikoan, astrozitoen funtzioan eta intsulinaren seinalizazioak neurodegenerazioan izan dezakeen rolean. Nazioarteko ikerketa- esperientzia du Karolinska Institutuan eta Max Planck Institutuan, besteak beste, eta Alzheimerrarekin lotutako ikerketa-proiektuak zuzentzen ditu. (ikus BARRENAn argitaratutako elkarrizketa)
Informazio zientifikoa "modu erraz, hurbil eta ulergarrian"

Antolatzaileek aurreratu dutenez, bi hizlariek Alzheimerra zer den eta nola garatzen den azaltzeaz gain, azken urteetako ikerketek zer ekarri duten, diagnostikoari eta prebentzioari buruz zer dakigun eta zein diren oraindik erantzunik gabeko galderak ere landuko dituzte. Horrez gain, gaixotasunaren inguruan maiz entzuten diren hainbat mito eta baieztapen aztertuko dituzte, informazio zientifikoa "modu erraz, hurbil eta ulergarrian" eskainiz.

Elgoibarko EAJ-PNVk herritar guztiak gonbidatu ditu hitzaldian parte hartzera. Sarrera irekia izango da. Antolatzaileen esanetan, helburua ez da soilik Alzheimerraz berba egitea izango, baizik eta gaixotasuna hobeto ulertzeko eta harekin lotutako beldurrak, estigmak eta ideia okerrak ezagutzaren bidez argitzen laguntzea.

  • Eguna: irailak 21, astelehena
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Aita Agirre Kulturgunea