Umeentzako zezentxoak eta poniak berreskuratuko dituzte Errosario kaleko jaietan

Asier Orbea Ostolaza

Umeak zezentxoekin Errosario kalean, 2013ko irudian. BARREN

Errosario kaleko jai-batzordeak amaitutzat eman zuen bere jarduna 2015ean, eta harrezkero bizitasuna galdu dute kaleko jaiek.

Jai batzordekoak hamasei urtean aritu ziren jaiak antolatzen, baina 2015. urtean antolatu zituzten azkenengoz. Egun Haritz dantza taldekoek egiten duten ezpata-dantzara mugatzen dira Errosarioko jaiak, eta biziberritze aldera, aurten umeentzako zezentxoak eta poniak berreskuratzea erabaki du Udalak. Sokamuturra ere antolatu zuten 2024ko Errosario kaleko jaietan, baina behin egin eta gero, Trinitate jaietara aldatu zuten.

Urriaren 4an, domeka, ospatuko dituzte aurten Errosario kaleko jaiak. Goizean, 11:00etan, meza izango da, eta, ondoren, ezpata-dantza. Arratsaldean, 18:00etan, zezentxoak eta poniak askatuko dituzte Errosario kalean. Euskal Zezen Zaleen Elkarteak Errosario kaleko jaietako zezen txikien ikuskizuna berreskuratzeko egin zien proposamena onartzea eta gauzatzea erabaki dutela azaldu dute Udaletik. "Udalak begi onez hartu du proposamena, eta aurrera eramatea erabaki du, udalak herritarrekin eta eragileekin elkarlanean aritzeko konpromisoari erantzuten dio", adierazi dute.

Ekitaldia dela eta, Udalak aldez aurretik jakinarazten die Errosario kaleko denda, lokal, atari eta etxabeei leihoak eta pertsianak babesteko aukera izango dutela. Zerbitzu hau eskatu nahi dutenek irailaren 22a baino lehen egin beharko dute, 943 741 050 telefono zenbakira deituz, edo arreta@elgoibar.eus helbidera idatziz. Hutsik dauden lokalei dagokienez, Udala bera jarriko da harremanetan jabeekin.

Zezentxoak 2013ko Errosario kaleko jaietan. BARREN

Lege berria

Eusko Legebiltzarrak 2026ko ekainean onartutako lege berriari esker, umeek sokamuturretan, bigantxetan edo zezen txikien ikuskizunetan parte hartu dezakete berriro ere. Zezen ikuskizunak arautzeko legearen erreforma onetsi zuen legebiltzarrak, eta, hortaz, aldaketak izan dira uda honetako ekitaldietan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru urtean debekatuta egon dira 16 urtetik beherakoentzako zezen ikuskizunak, 2022ko irailetik indarrean den etxeko animalien ongizaterako legeak agintzen duelako animaliak tartean diren ikuskizun guztiek ezinbestean araututa egon behar dutela; eta zezen txikiekin egiten ziren ikuskizunak arautu gabe zeuden. Lege hutsune horri erantzuteko helburuarekin onartu dute, bada, erreforma hori.

Berritasun nagusietako bat zera da, 8 urtetik aurrerako adingabeek parte hartu ahalko dutela sokamuturrean eta antzeko ekitaldietan, baldin eta heldu batek lagunduta badaude edo adinez nagusiko pertsona batek gainbegiratzen baditu.

Lege berriak parte hartzaileei ez ezik animaliei ere eragingo die. Izan ere, ikuskizunetan animaliak erabiltzeko baldintza zehatzak ezartzen ditu testuak. Hala, abereek gutxienez sei hilabete eta gehienez 18 izan beharko dituzte, eta adarrak estalita edo babestuta eraman beharko dituzte, adarkadak saihesteko.

Abereen ongizatea bermatzeko neurriak ere hartu beharko dituzte, bestalde, ekitaldi horietan. Adibidez, zezen bakoitza gehienez ere hamabost minutuz erabili ahalko da, eta debekatuta egongo da animaliak "zauritzea, ziztatzea, kolpatzea, haiei heltzea eta tratu iraingarria ematea". Halakorik gertatuz gero, ikuskizuna bertan behera uzteko eskumena izango dute ekitaldiaren antolatzaileek. Haiena izango da, era berean, abereen ongizatea bermatzeko ardura. 

Elgoibarren, hain zuzen, 2022ko sanbartolomeetan egin zuten azkenengoz umeentzako entzierro bat, ondorengo bideoan.