Loredi Salegik jaso du Lila Saria

Asier Orbea Ostolaza

Elgoibarko Emakumeen Etxeak, Lilak, bost urte bete ditu, eta Lila Sariak banatuz ospatu dute urteurrena. Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia. Loredi Salegi Martinez psikologo, sexologo eta berdintasunaren aldeko aktibista eta dinamizatzaile elgoibartarrak jaso du aitortza, sarien bosgarren edizioan.

Elgoibarko Udaleko epaimahaikideek jakitera eman dutenez, hainbat arrazoigatik saritu dute Salegi; besteak beste, topaketarako, laguntzarako eta harremanetarako espazioak sustatzen egin duen ekarpena azpimarratu dituzte: "Udalerriko gizarte-ehuna indartzen lagundu du; emakume eta gizonen arteko berdintasunaren defentsan erakutsi duen konpromiso pertsonal eta profesionalagatik; berdintasunak oraindik agenda publikoan espazio mugatua betetzen zuenean, hausnarketarako eta parte-hartzerako espazio irekiak sortzearen alde egin zuelako, feminismoa herritarrengana hurbilduz; Uluka Batukada taldeko sorreran parte-hartu eta, gaur egun, talde horren kidea izaten jarraitzen duelako".

Elgoibarko Udalak hautagaiak aurkezteko prozesuan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkie, eta nabarmendu dute inoiz baino gehiago izan direla, 42 lagunek bete baitzuten hautagaiak proposatzeko galdetegia.

Sari banaketa ekitaldira gerturatu ziren herritarrek antzerkiaz gozatzeko aukera eduki zuten. “Correr la Lilatón con palmas y a lo loco” antzezlana antzeztu zuten Libe Mendizabalek eta Alizia Otxoak.

Lilan batutakoek elkarrekin pintxo batzuek janez eman zioten amaiera ekitaldiari.

*Argazkiak: Mikel Askasibar / ELgoibarko Udala