Aitor Esteban eta Arantxa Tapia Zirardamendiko omenaldian parte hartuko dutenen artean

Asier Orbea Ostolaza

Aitor Esteban 2022an egin zuten omenaldian, Zirardamendin. 

EBBko presidente Aitor Estebanek eta Sabino Arana Fundazioko presidente Arantxa Tapiak parte hartuko dute domekan Zirardamendin egitekoak diren gudarien aldeko ekitaldian.

Elgoibarko Udalak, Sabino Arana Fundazioarekin lankidetzan, 1936ko irailaren 25ean, duela 90 urte, Zirardamendiko frontean "Euskadiko askatasuna defendatzen" hil ziren Arana Goiri batailoiko hamalau gudariei urtero egiten zaien aitortzaren saioa antolatu du. Fundaziotik jakitera eman dutenez, hildako gudarien senideek hartuko dute parte, Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak, Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eta euskal erakundeetako nahiz memoria historikoa berreskuratzen lan egiten duten elkarteetako hainbat ordezkarik lagunduta.

90 urte igaro dira

Aiastiako Murkaikupe pilotalekuaren atzean landatuta dagoen Gernikako arbolaren kimu paretik hasiko dute aurtengo omenaldi ekitaldia, 11:00etan. Handik Zirardamendiraino joango dira, Jose Landa eta Jose Maria Otxoa de Txintxetru gudari ohiek 1952an hildakoen oroimenez jarri eta hainbat hamarkadatan ezkutuan bisitatu zuten gurutzeraino. Bertan, 1982an eta 2012an desobiratutako gorpuak izan zireneko tokia bisitatuko dute eta, lore-eskaintza batez gogoratuko dituzte 1936ko irailaren 25an Zirardamendiko frontean Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan ari zirela hil zituzten Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudariak: Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Emeterio Llavori, Jose Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Felix Arbulu.
Arana Fundaziotik adierazi dutenez, gogoan izan behar da gudarien balentria hark frankisten garaipena gerarazi zuela hilabete batzuetan, eta horri esker, Gernikan eratu zen lehen Eusko Jaurlaritza, orain dela 90 urte.