2013. urtean hasi ziren omenaldi ekitaldi hau egiten "euskal soldadu gazte haien sakrifizioa ohoratzeko eta memoria historikoa gordetzeko, bizikidetzarako eta adiskidetzeko bide gisa"; eta, harrezkero iraileko azken aurreko domekan egiten dute aitortza ekitaldia. Aurtengoa, baina, azken urteotakoa baino berezixeagoa izan da, 90 urte bete direla-eta.
Aiastiako Murkaikupe pilotalekuaren atzean landatuta dagoen Gernikako arbolaren kimu paretik abiatu zuten 36ko gerran hildako gudariak omentzeko ekitaldia. Lore-eskaintza egin zuten eta Haritz taldekoek dantza saioa egin zuten.
Gero, Zirardamendiraino joan ziren, Jose Landa eta Jose Maria Otxoa de Txintxetru gudari ohiek 1952an hildakoen oroimenez jarri eta hainbat hamarkadatan ezkutuan bisitatu zuten gurutzeraino. Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak gidatu zuten ibilaldia. "Gudari haiek bezala, babes-horma bat gara basakeriaren eta totalitarismoaren aurrean", adierazi du Estebanek duela 90 urte Zirardamendiko frontean bizitza galdu zuten Arana Goiri batailoiko gudariak gogoratzeko eta omentzeko ekitaldiren ostean.
1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu.
Arana Fundaziotik adierazi dutenez, gogoan izan behar da gudarien balentria hark frankisten garaipena gerarazi zuela hilabete batzuetan, eta horri esker, Gernikan eratu zen lehen Eusko Jaurlaritza, orain dela 90 urte.
Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko herritarrek sortutako Elgoibar1936 taldeak, Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 taldeak eta Aranzadik elkarlanean desobiratu zituzten 2012. urtean 1936ko gerran Frankoren tropek fusilatu eta auzokoek Zirardamendin ehortzitako lau gudariren arrastoak.
*Irudiak: Elgoibarko Udala eta EAJ-PNV.