San Migel jaiak ospatuko dituzte Aiastia auzoan

Asier Orbea Ostolaza

Murkaikupe frontoia gainezka, iazko jaietan egin zuten afarian. Mikel Askasibar /Elgoibarko Udala.

San Migel Egunaren bueltan ospatzen dituzten jaiak ospatuko dituzte Aiastian, asteburuan eta martitzenean. Autobus zerbitzua egongo da Txarridunako errotondatik auzora joan-etorria egiteko.

Irailaren 29an San Migel eguna dela-eta, jaiak ospatuko dituzte asteburuan Aiastian. Zapatuan hasiko dituzte ospakizunak eguerdian, eta martitzenean amaituko dira festak, hain zuzen ere, San Migel egunez. 

Kanpaiak joz hasiko dituzte jaiak zapatu eguerdian, 12:30ean, eta goizaldera arte luzatuko dute eguna. Umeentzako jolasak, bazkaria, eta bolo txapelketa izango dira besteak beste, eta iluntzean,
Haritz dantza taldeak emanaldia eskainiko du, ohi bezala, Borja Uzuriagaren omenez. Dantzaldiaren ostean afaria egingo dute Murkaikupe frontoian eta gauean musikak girotuko du jaia: lehenik Bide Batez taldearen erromeriarekin eta DJ Tita elgoibartarraren saioarekin gero.

Jai batzordeko kideak. Mikel Askasibar /Elgoibarko Udala.

Aiastia Trail lasterketaren bigarren ekitaldia

Domekan, berriz, Aiastia Trail lasterketa egingo dute, CATT Morkaikok antolatuta. Iaz egi zuten aurrenekoz eta Iker Calvo eta Pilar Arriola izan ziren estreinako irabazleak. Mendi lasterkariak 6,5 kilometroko ibilbidean lehiatuko dira. Murkaikupe pilotalekutik abiatuko dira parte hartzaileak, Zirardamendiko tontorreraino. Gailurraren bestaldean dagoen pistatik egin beharko dute jaitsiera frontoiraino, eta anoa postua izango dute bertan. Indarrak berreskuratu ondoren, Morkaikora igo beharko dute, eta handik berriz jaitsiko dira frontoian kokatuko duten helmugaraino.
Domeka arratsaldean, egitarauan errotuta dagoen Idi-dema saioa jokatuko dute. Hiru idi parek hartuko dute parte: Isidro Erretegia (Azkoitia), Igone Pagadizabal (Hondarribia) eta Olatzar (Lezo).

 
Autobus zerbitzua

Auzora bertaratzeko autobus zerbitzua egongo da Txarridunako biribilgunetik, honako ordutegiarekin:

  • 19:30-22:00
  • 22:30-02:30
  • 03:00-05:30