Gurutz Linazasoro: "Alzheimerraren diagnostiko goiztiarra izatea berebizikoa da"

Nerea Bedialauneta Alkorta

Gurutz Linazidoro neurologoa.

Neurologo zumarragarrak urteak daramatza giza garunaren misterioak ikertzen.

Irailaren 21ean –Alzheimerraren Nazioarteko Eguna–, Gurutz Linazasoro Cristobal neurologo eta ikertzaile ezagunak (Zumarraga, 1959) Alzheimerra hitz argitan solasaldia egin zuen Elgoibarren, Maite Solas ikertzaile elgoibartarrarekin batera. 

Neurologiaren eta gaixotasun neurodegeneratiboen ikerkuntzan erreferente da Linazasoro; parkinsonaren eta alzheimerraren prebentzioan aitzindari den Gipuzkoako Poliklinikako Terapia Aurreratuen Programako burua da, eta gaiari buruzko liburuak eta dozenaka artikulu zientifiko argitaratu ditu. Hitzaldia aitzakia hartuta, gaur egungo egoeraz, diagnostiko goiztiarrak eta prebentzioak daukaten garrantziaz eta merkaturatu diren botika berriez mintzatu da, besteak beste.

Alzheimerra ardatz hartuta, Alzheimerra hitz argitan izenburuko solasaldia egin berri duzue Elgoibarren Maite Solas ikertzaileak eta biok. Zure ustez, zer garrantzi dute halako ekimenek herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko?
Nire ustez, halako hitzaldiek garrantzi informatibo handia dute eta ezinbestekoak dira herritar askorentzat. Batez ere, gaur egungo egoerari buruzko informazio argia izaten laguntzen diete, bai ikerketari dagokionez, bai gaitza duten pertsonen tratamenduari dagokionez ere. Beraz, halako ekimenak oso baliagarriak iruditzen zaizkit. Horrez gain, iruditzen zait ikerketan edo tratamenduan dihardugun profesionalok badugula, nolabait, egiten ari garen hori guztia herritarrei helarazteko betebeharra ere; niri, behintzat, hala izan beharko lukeela iruditzen zait, komunikazioa oso gauza garrantzitsua dela iruditzen zait eta. 

Eta zeintzuk izaten dira bertaratzen diren herritarren kezkarik ohikoenak?
Bitxia iruditu daitekeen arren, hitzaldietara, batez ere, emakumeak etortzen dira; nagusiki, gaitza duen senideren bat edo ingurukoren bat duten emakume kezkatuak. Batez ere, lau kontu argitzeko eskatu ohi digute. 

"Gipuzkoan, alzheimerrak 65 urtetik gorakoen %8ari eragiten diela esan ohi da"

Zeintzuk, zehazki?
Galdera nagusia alzheimerra nola hasten den eta nola diagnostikatzen den jakitea izaten da; batik bat, noiz hasi behar dugun kezkatzen eta medikuarengana noiz jo erabakitzeko. Norbaitek jada senideren bat gaixorik badu, bigarren kezka izaten da gaitzak nola eboluzionatuko duen eta zer espero daitekeen. Hirugarrenik, une horretan eskuragarri dauden tratamenduak zein diren galdetzen dute. Azkenik, ikerketaren egoeraz ere galdetzen dute: ikerketa zein unetan dagoen eta zer aurrerapen egin diren azaltzen saiatzen naiz.

Alzheimerraz hitz egiten denean, eta zure esperientzia kontuan izanda, zein da herritarrek argi izan beharreko gauzarik garrantzitsuena?
Diagnostiko goiztiarra izatea berebizikoa da: gaixotasuna zenbat eta lehenago antzeman, orduan eta tratamendu-aukera gehiago daude. Duela gutxi, gainera, gaitzaren bilakaera moteltzen duten eta epe luzerako pronostikoa zertxobait hobetzen duten tratamendu-aukerak agertu dira. Beraz, zenbat eta lehenago diagnostikatu, hobeto. 

Bestalde, biztanleriaren zahartze progresiboa kontuan hartuta, zenbatekoa da gaitzaren intzidentzia gaur egun Gipuzkoan?
65 urtetik gorakoen %8ri eragiten diela esan ohi da. Datu horretatik abiatuta, eta kalkulu azkar bat eginda, Gipuzkoan 13.000 edo 14.000 pertsona ingururi eragiten diela esango nuke. 

Urteak daramatzazu neurologiaren eta gaixotasun neurodegeneratiboen ikerkuntzan punta-puntan. Gipuzkoako Poliklinikako Terapia Aurreratuen Unitatean zer lerro ari zarete ikertzen gaur egun?
Hemen, Gipuzkoako Poliklinikan, jada merkaturatuta dauden bi botika antiamiloideo ematen hasi gara pazienteei: Lecanemab eta Donanemab. Gogorarazi behar da sendagai horiek gaixotasunaren oso fase goiztiarretara bideratuta daudela; hau da, nagusiki gaitzaren bilakaera moteltzeko balio dute, eta zenbat eta lehenago eman, orduan eta onura gehiago izango ditu pazienteak. Bide beretik, bertan egiten ari garen saiakuntza klinikoak ere fase horretan dauden pertsonengana bideratuta daude. Arrazoi horregatik, esan genezake ikerketa eta saiakuntza kliniko guztien helburu nagusia diagnostiko goiztiarra lortzea dela, gerora tratamendu goiztiarra aplikatu ahal izateko. 

"Helburua gaixotasunaren garapena moteltzea da; abantailarik handiena hori da"

Zer nabarmendu zenezake medikazio berri horiei buruz eta zein da haien abantaila nagusia?
Botiken eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak, oraingoz, ez du onartu horiek ospitale publikoetan erabiltzea, baina bai, ordea, pribatuetan. Merkaturatu baino lehen, botika horien saiakera klinikoetan ere parte hartu genuen; beraz, oso ondo ezagutzen ditugu. Helburua gaixotasunaren garapena moteltzea da; hori da, dudarik gabe, abantailarik handiena. Saiakuntza klinikoek, behintzat, frogatu dute gaixotasunaren garapena %30-40 moteltzen dutela. Horrek guztiak, beraz, bizi-kalitate onarekin lauzpabost urte irabaztea ekar dezake, eta hori oso garrantzitsua da. 

Nolanahi ere, botika berri horiek etorkizun itxaropentsua ireki dute, baina zein da gaur egun sendagai horien errealitatea?
Kontuan izan behar da pertsonaren bizi-kalitatea hobetzen dutela. Beharbada, pertsona baten diagnostikoa da duela oso gutxikoa, baina, haren bizi-kalitatea ona bada, garrantzitsuena da botika horiek bizi-kalitate hori denboran mantendu dezaketela. Hala ere, kontuan izan behar da botika horiek beren arriskuak ere badituztela; irizpide oso zorrotzak bete behar dira. Horregatik, oso kontrol zorrotza egin behar izaten da. Besteak beste, ospitale batean administratu beharreko botikak dira, eta, izan ditzaketen ondorio kaltegarriengatik, kontroleko erresonantzia magnetikoak egin behar izaten zaizkie pazienteei; ezinbestekoa da jarraipen estua egitea. Beraz, baloratu egin behar da merezi duen ala ez.

Esperantzagarria da albistea, baina botika berri horiek, oraingoz, gaixotasuna oso goiz diagnostikatzen den kasuetan baino ez dira eraginkorrak. Gaitza garatuago dutenentzako zerbait aztertzen edo ikertzen ari da?
Bai, noski. Adibidez, inflamazioetan eragiten duten medikamentu asko ikertzen ari dira, baita beste mekanismo batzuetan eragiten dutenak ere. Hain zuzen ere, medikamentu horietako zenbaiten saiakuntza klinikoetan parte hartzen ari gara. Nire iritziz, urte gutxi barru, gaur egun daukaguna baino egoera hobea izango dugu.

"Oso garrantzitsuak dira estimulazio kognitiboko terapia guztiak, eta noski, bizitza aktiboa izatea"

Azaldu diguzunaren arabera, alzheimerraren ikerketan aurrerapen esanguratsuenak egin dira. Zer-nolako aldea dago gaur egungo testuinguruaren eta duela urte batzuk zegoenaren artean?
Duela 40 urte neurologian hasi nintzenean, memoria-arazoak zituen norbait kontsultara etortzen zenean, ia ez genuen tresnarik haren egoerari aurre egiteko; ez zegoen tratamendu eraginkorrik, ez antzeko ezer. Gaur egun, ordea, sintomak hobetzen laguntzen duten tratamenduak ditugu, baita gaixotasunaren progresioa moteldu dezaketen terapiak ere. Horrez gain, diagnostikoari urte asko aurreratzeko gaitasuna eta oso tratamendu eraginkorrak ditugu eskura. Beraz, esan daiteke gaur egun dugun panorama duela bizpahiru hamarkadakoa baino askoz hobea dela. 

Oro har, ikerketa zein momentutan dago gaur egun?
Egia esan, alzheimerraren ikerketarako une oso garrantzitsuan gaude. Izan ere, gaixotasunarekin lotutako aldaketak garunean sintomak agertu baino urte asko lehenago hasten dira. Horrek esan nahi du gero eta aukera gehiago ditugula gaixotasuna fase goiztiarretan identifikatzeko eta esku hartzeko. Arestian aipatutako aurrerapenak –diagnostiko goiztiarra eta gaixotasunaren bilakaera moteltzen duten botikak– azken urteotako ikerketaren emaitza dira. Gainera, etorkizunean tratamendu horien bertsio hobeak eta aurreratuagoak ateratzen joatea eta administratzeko modu berriak garatzen jarraitzea espero da. Esaterako, zenbait botika zainetik administratu ordez, larruazalpetik administratzeko aukerak ere ikertzen ari dira. Aldaketa asko espero dira. Alde horretatik, botika horietako batzuen saiakuntza klinikoetan parte hartzen ari gara; hau da, sendagaiak farmazietara iritsi aurretik egiten diren ikerketetan parte hartzen ari gara. 

"Alzheimerra izateko arriskua %45eraino murriztu dezakegu; beraz, gure esku dagoena ez da gutxi"

Gaixotasunak, oraingoz, ez du sendabiderik, baina tratamenduak badaude. Alzheimerraren kasuan, gainera, diagnostiko goiztiarrak bizi-kalitatean eragin handia duela jakina da. Zein teknika daude gaur egun gaixotasun hasierako faseetan detektatzeko? Eta zer-nolako fidagarritasuna dute proba horiek?
Arlo horretan ere asko aldatu da egoera azken urteotan. Lehen, esaterako, bizkarrezurreko ziztada edo puntzioa egin behar izaten zen: bizkarrezurretik likidoa atera, eta ondoren, analizatu. Beste aukera bat PET proba egitea zen, baina oso proba garestia da eta ez dago leku guztietan eskuragarri. Gaur egun, ordea, askoz modu sinpleagoan lor dezakegu informazio hori, odol-analisi baten bidez. Besteak beste, garunean amiloidearen presentzia aztertzeko aukera ematen du, eta horrek garunaren egoerari buruzko informazio baliotsua eskaintzen du. Azken batean, tresna horiek asko laguntzen digute alzheimerraren diagnostikoa lehenago egiten.

Terapia farmakologikoak aipatu ditugu, baina zer-nolako garrantzia dute tratamendu ez-farmakologikoek eta bizi-ohiturek gaixotasunaren progresioa moteltzeko orduan?
Oso garrantzitsuak dira estimulazio kognitiboko terapia guztiak, eta, noski, bizitza aktiboa izatea, bai intelektualki eta bai sozialki. Alzheimerra izateko arriskua murrizteko eta gaixotasunaren agerpena prebenitzen laguntzeko, badira gure esku dauden hainbat neurri. Bizimodu osasuntsua izatea funtsezkoa da: ez erretzea eta alkoholaren kontsumoa saihestea, behar bezala lo egitea, elikadura orekatua izatea, jarduera intelektuala mantentzea eta aisialdirako zein harreman sozialetarako tartea izatea. Horri guztiari tentsioa, diabetesa eta kolesterol-mailak, entzumena eta ikusmena behar bezala kontrolatzea gehitzen badizkiogu, alzheimerra izateko arriskua %45eraino murriztu dezakegu. Beraz, gure esku dagoena ez da gutxi. Hala ere, badira kontrolatu ezin ditugun beste faktore batzuk ere, hala nola genetika eta zahartzea bera; baina, gaur egun, ezin dugu horien gainean eragin.

Eta, bukatzeko, zer beste aurrerakuntza edo berri espero dira etorkizun hurbilean alzheimerraren aurkako borrokan?
Epe laburrean, Tau izeneko proteinaren eginkizuna hobeto ezagutzea espero dugu. Dagoeneko horren gainean eragiten duten lehen terapiak agertzen hasi dira, eta ikerketa-ildo hori oso garrantzitsua da; arestian aipatutako amiloidearen pareko garrantzia izan dezake. Zorionez, proteina horri buruzko saiakuntza kliniko batean parte hartzeko aukera izango dugu, eta emaitzak ikusiko ditugu.