Eguenetako azokan egon da gaur, musika eskolako arkupeetan, eta hileko azken eguenetan aterako dute kalera postua, leku horretan. Era berean, hileko azken zapatuko ferian ere jarriko dute postua, irailaren 26kotik hasita. Hainbat produktu saltzen dituzte postuan: mermeladak, txokolatea, arroza, pastak, kafeak, infusioak, e.a. Aurrerago Aguraingo mojek egindako pastak eta turroiak ere ekarriko dituztela aurreratu dute. Arrakasta handia izaten dutela azaldu du Marisabel Aizpuruak, eta ez ikusi batean saltzen dituztela.
Bidezko Merkataritza ohiko merkataritza-sistematik aldentzen den sistema solidario eta alternatiboa da, herrien garapena eta pobreziaren aurkako borroka helburu dituena. Ekoizleei ekoizpen - eta merkataritza- baldintza duinak bermatzen dizkien sistema bat da, beren garapenaren eragile bihurtzeko aukera ematen diena.